Gasteizko jaien bezperan, Sare Herritarrak manifestazioa egin du Etxera bidea gertu lelopean

Gasteizko jaien bezperan, Sare Herritarrak manifestazioa egin du Etxera bidea gertu lelopean

Duela urtebete, etapa garrantzitsu bat bete genuen. Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia.

Lasaitasun apur bat ekarri zien hamarkada luzeetan, senide presoak bisitatzeko, kilometroak eta kilometroak egin behar izan dituzten familiei. Bidaia horiek kostu handia zuten, eta ez soilik ikuspegi ekonomikotik. Are garrantzitsuagoa den kostua ekarri zuten: errepideko istripuak eta biktimak.

Gaur, irribarre egiten hasi gaitezke. Aurrera egiten ari gara. Baina ez dadila inor engainatu. Bide luzea dugu egiteko, euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratzea nahi badugu.

Bide hau elkarrekin egingo dugu; bestela, ez dugu lortuko. Izan ere, preso horietako asko Euskal Herriko espetxeetan egotea etapa bat baino ez da.

Gaur egun, %28,3 urrun dago oraindik. Eta, okerragoa dena: gehienei ukatu egiten zaie espetxe-politika arruntaren aplikazioa. Salbuespena araua da oraindik ere.

Salbuespen-egoera hori nagusi da prebarikazioa ardatz duen justiziaren jardunean. Jardun horren helburua mendekua aplikatzea da, eta ez justizia aplikatzea.

Berriro ere Auzitegi Nazionaleko fiskaltza salatu behar dugu, eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa baita, eta etengabe errekurritzen baititu espetxeetako tratamendu-batzordeen erabakiak, espetxeko hirugarren gradua eta baimenak onartu nahi direnean.

Etengabeko konfrontazioaren alde egin dute. Bake justurantz eta, horren bidez, bizikidetzarantz igarotzeko aukera galarazteagatik.
Gure herriak akordioak behar ditu. Konponbide justuak behar ditu. Konfrontazioaren eta mendekuaren alde egiten dutenek ez dute lekurik.

Ez dezagun normalizatu normala ez dela. Ez ditzagun besoak jaitsi urruntzea desagertzen ari delako. Betetzen ari garen etapak dira.

Egin dezagun irribarre, baina lan egiten jarraitzeko, atzerapausorik eman gabe. Eta, horretarako, badaukagu data bat jarrita: urriaren 8a. Helburua da Donostia txiki geratzea egun horretan. Aurrera egiteko, gure aldarrikapenak zabaltzeko eguna izatea, baina, aldi berean, lortutako guztiari balioa ematea, eta, hala, musikaz eta alaitasunez betetako egun on bat pasatzea.


Esandakoa. Segi dezagun lanean elkarrekin, orain arte bezala. Lortuko dugu!