Datorren ostiralean, hilak 27, SARE Bilboko kaleetan zehar mobilizatuko da «Ibilian-ibilian etxerako bidean» kanpainaren barruan.
Aurtengoan ere, Covid-19a dela eta, bilbotarrok ezingo dugu gure Aste Nagusia nahi moduan ospatu. Mari Jaiak dakarzkigun poza eta alaitasuna pandemia egoera honek ilundu ditu, baina ez ditu itzali.
Konpartsetako kideok aurtengoan ere, ezohiko egoeran izan arren, lanean jarraitzen dugu bilbotarrok eta baita euskal herritar guztiok data berezi hauek ahal den neurrian goza ditzagun. Baita urrun daudenek ere.
Aurreko urteetan egin moduan, aurtengoan ere Sare Herritarraren mobilizaziora batuko gara, jaiak eta aldarriak biak bat direla ulertzen baitugu, eta Bilbon ere hutsik diren aulkiak betetzeko ordua dela uste dugulako.
Ikasturte berezia izaten ari da 2021. urtekoa. Iaz hasi zen mundu mailako pandemiak ekarritako egoera honek gure bizimoduetan aldaketa nabarmenak eragin ditu, bai, baina esan beharra dugu, euskal presoen auziari dagokionean, etorri diren aldaketek argi izpi bat ere ekarri dutela urte zail honetan.
Hamarkada luzeen ostean, urruntze politikarekin amaitzeko urrats esanguratsuak eman dira eta hori bereziki senide eta lagunen zama arintzeko ezinbestekoa izaten ari da. Horrez gain, euskal presoek garatu beharreko etxeratze bidea aurrera eraman ahal izateko ere, lehen urrats garrantzitsua da. Baina ez da nahikoa. Batetik, oraindik ere Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen duelako presoen gehiengoak, eta, bestetik, graduen progresioa preso guztiei era normalizatuan ezartzea prozesu hori garatzeko behar-beharrezko tresna delako. Salbuespen legedia bere horretan bertan behera geratu ezean, ordea, normalizazio hori, legedi arruntaren ezarpena alegia, ez baita emango.
Horregatik, egoera berri honek zabaldutako bidean urratsak ematen jarraitzeko, salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin, mobilizatzen jarraitu behar dugu.
Dei egiten dizuegu, Bilboko eta Bizkaiko herritar guztiei, datorren abuztuaren 27an 19.30ean Eliptika plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Jarrai dezagun Ibilian-Ibilian, etxerako bidean.