SAREk eta Etxeratek Etxera kalejira antolatu dute Iruñean Uztailaren 4ean

SAREk eta Etxeratek Etxera kalejira antolatu dute Iruñean Uztailaren 4ean

Bertan ditugu San Ferminak. Gure Iruñea berriz ere munduko hiriburu bihurtzen den garaia. Festa, musika eta dantza egunak, brindisak egiteko eta milaka unetxo edo momentico bizitzeko egunak. Elkartzeko, besarkatzeko egunak, Iruñea mundura irekitzeko eta munduak bere buruari Iruñean begiratzeko egunak. Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko eta, jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen.

San Fermin-etako irudi bat erabiltzea zilegi bada, esan dezakegu entzierroan ez duela balio atzeraka laster egiteak. Aurrera joatea da alternatiba bakarra eta plaza, azken helmuga denontzat. Plaza, elkartzeko gunea. Gure gizarteak gainditu egin du jada gatazka gordinenaren aldapa; ia irristadarik gabe biratu eta elkarbizitzara eta konponbide demokratikoetara daraman bidea hartu du, antz ematen du orain plazako atea, ideiak indarkeriarik gabe eta inoren eskubideak zapaldu gabe eztabaidatzeko tokia. Baina presoen etxeratzea modu artifizialean mantsotzeko salbuespenez baliatzen den espetxe politikak entzierroa korritzen ez dakitenek bezala egiten du. Lasterketaren normaltasuna oztopatzen dute eta arriskua sortzen dute, zauriak, alferrikako sufrimendua eta, behin baino gehiagotan, kalte konponezinak eraginda. Salbuespen politika hesietatik, “valladutik” kanpora atera beharra dago, lehenbailehen atera ere.

Zinez pentsatzen dugu badela garaia. Bada garaia “ETXERA” errebindikazio bat izatetik denon lorpen izatera pasatzeko. Aurrerapauso bat, denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle eginen gaituena. Bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; denok irabazten dugu ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean, atea zabalik utzita elkarbizitzaren agertokietara, memoria inklusiboaren agertokietara, berriz elkartzeko agertokietara.

Zentzu horretan uztailaren 4ean, San Ferminen bezperatan mobilizazio berezi bat aurrera eraman nahi dugu. Garai horretan dagoeneko jendez gainezka egonen den Iruñeko erdigunean arreta piztu, arratsaldeko 19:30etan Sarasatetik abiatuko den KALEJIRA batekin: ETXERA KALEJIRA, konponbidearen, elkarbizitzaren eta etxeratzearen alde.

Hortaz, dei egiten diogu Iruñerriako herritarrei, uztailaren 4ean, gurekin batera ETXERA aldarria Iruñeko kaleetan zabal dezan.

Salbuespen neurriak stop!
Behingoz, konponbidea!
Denak ETXERA!