Gaurko agerraldi honekin, sare herritarrak irailaren 29-tik urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuko duen ekimen ibiltaria aurkeztu nahi du.

Gaurko agerraldi honekin, sare herritarrak irailaren 29-tik urriaren 2-ra, gau eta egun atsedenik gabe, Nafarroa osoa zeharkatuko duen ekimen ibiltaria aurkeztu nahi du.

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, bestetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, norabait iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.
ETXERATZE PROZESUA, ETXERAKO BIDEA. Hori da gure helburua. Hori da gure bidea. Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea. Urtetako sufrimendua atzean utzi eta elkarbizitza eta bakeari ekarpena egiteko beharrezkoa den urratsa da etxeratze prozesua.

Ibilian-ibilian eta pixkanaka bada ere euskal presoen egoera aldatzen ari da. Hiru hamarkada baino gehiago behar izan ditugu. Egoera berria pertsona askoren esfortzuei esker lortu da: Euskal Herriko hiritar, alderdi politiko, sindikatu, hainbat eta hainbat herri eragile, instituzio eta noski, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei eta hainbat biktimen esfortzuari esker.

Hala ere ez dugu lortu oraindik presoen korapiloa erabat askatzea. Legea erabili zuten eskubideak ukatzeko, legearen interpretazio ankerrena egin zuten espetxe politika gizagabea abian jarri eta bideratzeko. Atzean utzi nahi ditugu legea eskubideak urratzeko erabiltzen ziren garaiak. Atzean utzi aurrera egin nahi dugulako, aurrera egin ahal izateko, baina noraino? Presoak etxean izateraino. Eta horretarako, denak behingoz, etxerako bidean jarri behar ditugu.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Salbuespen-politika urratzaile horrekin amaitzeko bidean gaudela, urteetan zehar betikotu dutena, eta espetxean egonaldi eternalak eta senide eta lagunentzako sufrimendu-urteak gogortu dituena amaitzeko bidean dugula, eta behin betiko amaitu behar dugula espetxean dugun herritar bakoitza etxerako bidean jartzeko.

Ibilian-ibilian egin behar dugu hemendik aurrerako bidea ere. Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko.

Nafarroan indartsu ekin nahi diogu bigarren fase honi eta ekimen esanguratsu bat aurkezteko bildu gara gaur Lesakan. Irailaren 29tik urriaren 2ra, Lesakatik Berriozarrera, gau eta egun, herrialde osoa zeharkatuko duen martxa ibiltaria izanen da presoen etxeratzea aldarrikatzeko Nafarroan eginen dugun erronka berria. Guztira 74 errelebo, 72 orduz atsedenik gabe, 352km pausoz-pauso, urratsez urrats, ibilian-ibilian.Hortaz, nafar jendartea ekimen honetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu, herriz-herri, auzoz-auzo ekimena landuz eta babestuz. Esan bezala, irailaren 29an, asteazken arratsaldean Lesakatik abituko da eta urriaren 2an, arratsaldez, herrialdeko mobilizazio batekin amaituko da Berriozarren.

Presoak etxerako bidean jarri behar ditugu. Eta bide hori guztion artean egin behar dugu, Ibilian-ibilian, egin dezagun elkarrekin, preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea!

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Datozen ekimenak