Donostian Abuztuaren 20ko mobilizazioaren aurkezpena
Aurrez iragarri genuen moduan, aurtengoan ere, udako hiriburuetako jaien testuinguruan salbuespen legedia salatu eta euskal presoen euskal herriratzea bere osotasunean gauzatu dadin aldarrikatzeko mobilizazioak antolatzen gabiltza Sare Herritarra elkartetik.
Donostian ere, horretarako asmoa dugu. Gaur, Donostiako Aste Nagusian etxera bidea gertu lelopean antolatu dugun manifestazioaren berri emateko elkartu gara. Aurten, azken bi urteetan ez bezala, berriro ere jaia eta aldarria uztartzeko aukera izango dugu, bi urteren ostean, kaleak ospakizun gogoz beteko baitira berriz. Guk ere, jai giro hori islatu nahi izan dugu gaur, eta jai giro horren baitan elkartuko gara abuztuaren 20an ere.
Azken hilabete luzeetan, behin eta berriro adierazi dugu, gure poza, esperantza eta gogoa, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko ematen hasiak diren urratsekin. Euskal herriratzeak, gradu progresioak, isolamenduaren amaiera, hainbat espetxe atzean utzi izana… hasitako bide honek aukera berri bat zabaldu du gure herrian, probestu behar dugun aukera berria.
Izan ere, aldaketak ematen hasiak diren arren, oraindik ere, geldoak eta trabaz josiak izaten ari dira. Honek agerian uzten du, oraindik bide luzea dugula egiteko, benetan, salbuespen legedia guztiz atzean utzi eta legedi arrunta ezarri dadin. Asko dira oraindik, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3.graduak eskuratzeko oztopoak jasaten ari diren presoak, baita, horiek eskuratuta ere, Auzitegi Nazionala baliatuz, atzera bota eta berriro espetxeratuak izaten ari diren presoak ere. Eta euskal herriratzeei dagokionean ere, oraindik %36a Euskal Herritik kanpo espetxeratua dago.
Guk argi dugu hasitako bidea muturrera eramateko herri aktibazioa eta bultzada ezinbesteko elementuak direla, horiei esker ere heldu baikara honaino.
Horregatik, datorren abuztuaren 20an, Donostiako eta Gipuzkoako herritarrei, Sare, Donostialdeko jai batzordea eta Donostiako Piratekin batera kaleak betetzera dei egin nahi dizuegu. 12:30tan Bulebarretik jai giroan abiatuko dugun manifestazio koloretsuan etxera bidea egiteko prest! gaudela eta etxera bidea gero eta gertuago dagoela aldarrikatuko dugu. Zatoz zu ere!