Arabako Itzuliak bere ibilbidea aurkeztu du

Arabako Itzuliak bere ibilbidea aurkeztu du

Dakizuen moduan, azken asteetan eskuin muturraren manipulazio eta kriminalizazio saiakeraren objektu izan da euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu herritarra. Guzti honen helburua garbia da; azken urte honetan espetxe politikaren baitan izan diren aldaketak oztopatu eta blokeatzea.

Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara arabarrok ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea. Legez, Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz.

Horretarako, ibilian-ibilian etxerako bidean dinamikaren baitan Arabarrok ere abian gara. Datorren Urriaren 7an eguerdiko ordubietan Agurainen hasiko da Arabako Itzulia. Nafarrek aurreko astean egingo duten biraren erreleboa hartuta, oinez, gelditu gabe 190 kilometro egingo ditugu Araba osoan zehar. Lehen egunean Kanpezuraino abiatuko gara eta bertan afaldu ostean Arabako hegoaldea zeharkatuko dugu. Ostiral goizean Trebiñun gosaldu eta Zaballako espetxera zuzenduko gara, bertan gure aldarriak espetxe barnetik entzun ditzaten. Arratsaldean Amurrioraino zuzenduko gara eta bertan herriko plazan ekitaldi musikatu bat izango dugu. Gau horretan Gorbeialdea zeharkatuko dugu Gasteizera iritsi arte. Urriaren 9 larunbata goizean Gasteizen sartuko gara goizeko 9:30etan. Bertan eragile ezberdinek hartuko dute Arabako Itzuliaren lekukoa eta guztiok elkarrekin Foru Plazan amaituko dugu.

Totalean elkartasunez beteriko 190 kilometro izango dira, 45 urrats ezberdinetan banatuta eta 35 herri baino gehiagotik pasako gara. Horrela, ibilian ibilian presoak etxera ekartzen ditugun arte.

Presoak etxera!

Ibilbide interaktiboa: http://labur.eus/arabakoitzulia