Bizi osoko espetxe zigorren kontrako aldarria Euskal Herriko Plazetan
Gaur Euskal Herriko plazetara dei egin dugu, hasiera-hasieratik Arrasaten egin asmo genien moduan, 7/2003 legea salatzeko, hau da, bizi osorako espetxe zigorra ahalbitzen duen legea salatzeko.
Lege hau, salbuespen legediaren baitan, euskal presoei zigorra luzatzeko sortutako lege bat da. 15 preso inguru dira, gaur gaurkoz, 40 urte arteko espetxe zigorra ezarri zaienak eta 60 inguru lege honen pean zigortuak izan direnak.
Sarek urteak daramatza euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia eta honek dakartzan ondorio eta eskubide urraketak salatzen. Eta ez diogu lan hau egiteari utziko ezohiko legedia hau bertan behera geratu bitartean.
Atzo egin genuen moduan, 7/2003 legearen deuseztatzea aldarrikatzeaz gain, azken aste eta egunetan jasandako manipulazio eta desitxuratze kanpaina ere salatu nahi dugu gaurkoan, eta berriro ere agente politikoei, instituzioei, hedabideei eta gainontzeko eragile guztiei arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Ez gaitezen erori espetxe politikaren baitan ematen ari diren urratsak oztopatu nahian dabiltza horien tranpan. Elkarbizitzan aurrera egiteko unea da, ez aurrera-urratsak oztopatzekoa.
Giza eskubideak ezin dira batzuen edo besteen alde ezarri, guzti-gutzioi dagozkigu.