Sarek Arrasateko martxa bertan behera utzi eta biziarteko kartzela-zigorraren kontrako aldarrikapena Euskal Herriko plaza guztietara eramango du larunbat honetan

Sarek Arrasateko martxa bertan behera utzi eta biziarteko kartzela-zigorraren kontrako aldarrikapena Euskal Herriko plaza guztietara eramango du larunbat honetan

Sare Herritarrak salatu duenez, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da. Azpimarratu du, erantzukizunik gabeko jarrerak izan direla, eta indartu egin dituztela espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, eman diren aurrerapausoak gerarazteko presioa eta manipulazioa darabilten horienak. Sarek gogorarazi nahi izan du Giza Eskubideak ezin direla bereizi eta ezin direla batzuk defendatu eta beste batzuk mespretxatu.

TESTUINGURUA

Duela aste batzuetatik hona, Sare Herritarrak eta, zehazki, Arrasaten arlo horretan lan egiten duten pertsonek presio izendaezina jasan dugu larunbat honetarako (irailak 18) egin dugun deialdia dela eta. Bere garaian esan genuen, astelehenean Donostian errepikatu genuen eta gaur berresten dugu: SARE-Arrasatek deitutako ekitaldi honen helburua da publikoki salatzea euskal presoei salbuespen-izaerarekin aplikatzen zaien legeria.

Orduan aipatu genuen eta berriro aipatu behar dugu 7/2003 Legea, zeina «ad hoc» onartuta baitzen euskal presoei aplikatzeko. Lege horrek ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak ahalbidetzen ditu, eta halakotzat jo behar da, ezin baita bestela egin, espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden 15 preso ingururen egoera. Kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira, araudi horrek ezartzen baitu askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzea izan behar dela helburua.

Desimagina, Aramendi, Aretxabaleta, Badiola, Etxebarria, Castro, Larretxea, Parot, Troitiño edo Zapirain dira preso horietako batzuk.

Sektore mediatiko eta politiko batzuetatik, baita instituzional batzuetatik ere, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da, arrazoirik gabeko akusazioetan oinarrituta, eta behin eta berriro esan dute preso jakin bati egin nahi zitzaion omenaldia zela.

Inguruabar hori etengabe gezurtatu bada ere, horretan tematu dira. Deialdi hau egiteko gure egiari, gure arrazoiei entzungor egin zaie, eta maltzurkeriari, deskalifikazioari eta presioei eutsi zaie. Eta, larriagoa dena, alde batera utzi da, nahita, SAREk beti bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde egin duen apustua.

UNE HISTORIKOA

SAREk behin eta berriz nabarmendu du gure herrian bizitzen ari garen une historikoaren garrantzia. Arduraz jokatzeaz gainera, etorkizunaren aldeko apustua egitea eskatzen duen unea da. Bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako etorkizunaren aldeko apustua.

Balorazio positiboa egin izan dugu, urteetako blokeo-egoeraren ondoren, urruntze-politika bertan behera uzteko eman diren urratsen inguruan, eta, gure aukeren barruan, urrats horietan lagundu dugu. Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta haien senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubideak urratzen dituen salbuespen-araubideari amaiera emateko bidea zabaltzea lortu dugu.

SALAKETA.

Horregatik, harridura osoz hartu ditugu arlo politiko, instituzional edo mediatikoan egun hauetan plazaratu diren jarrerak. Erantzukizunik gabeko jarrerak dira, eta indartu egin dituzte espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa –biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino– baliatu dituzten horien jarrerak. SARE sare herritara ez duzue inoiz aurkituko jarrera horietan.