Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoei 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzeko hartu duen erabakiaren aurrean, Sare Herritarrak bere desadostasuna adierazi nahi du, agintari judizialak erabilitako argudioek sortzen duten kezkarekin batera.

Lehenik eta behin, erabaki honek agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duen jarrera, eta esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoetatik sustatutako mendekuarekin lotura handiagoa duena.

Salatzen dugu espetxeetako tratamendu-batzordeek diziplina ezberdinetako profesionalek osatuak kasuz kasu aztertzen dituztela eta gradu-progresioak edo 100.2 artikuluaren aplikazioa sustatu edo ukatzen dituztela; aldiz, salbuespenezko epaitegi batek, hala nola Auzitegi Nazionalak, 400 kilometrora kokatua eta preso hauen ibilbidea ezagutzen ez duena, erabaki horiek baliogabetzen dituela azken batean Espetxe Administrazioak hartutakoak argudio juridikoak baino politikoagoak erabiliz.

Egia bada ere azken erabakia zaintza-epaileak hartu duela, pisu handia izan dute komunikabideen bidez jarduten duten lobby-en presioek, eta preso hauei neurri arruntak aplikatzea eragozteko egindako presioek.

Horrenbestez, salaketa publikoa egiten dugu egoera honen erabilera politikoaz, biktimen mina erabiliz mota honetako erabakiak justifikatzeko.

Errebantxak ez du inongo biktimaren sufrimendua arintzen. Biktimek beren mina aitortzea eta haren erabilera politikorik ez egitea aldarrikatzen dute. Utz ditzagun biktimak bakean. Onar dezagun sufrimendu hori, SAREk etengabe egiten duen bezala.

Euskal gizarteari eskatzen diogu bakearen eta bizikidetzaren aldeko urratsak ematen jarrai dezala; hori espetxe-politika humanista baten bidez baino ezin da lortu, mendekutik urrun eta indarkeria guztien biktimei tratamendu duina emanez.

Euskal gizarte osoak partekatutako etorkizun baten eraikuntzan lanean jarraituko dugu, bakearen, konponbidearen eta bizikidetzaren aldeko apustu irmoarekin.