Salbuespeneko espetxe-politikarekin behin betiko amaitzeko eskatu dute Iruñean

Salbuespeneko espetxe-politikarekin behin betiko amaitzeko eskatu dute Iruñean

Gaur, ekainaren 18a, lau urte bete dira Sanchez presidenteak publikoki esan zuenetik Espainiako Gobernuak hiru hamarkada luzez aplikatutako salbuespeneko espetxe-politika kentzeko eta espetxe-politika arrunta ezartzeko prozesu bati ekingo ziola.

Adierazpen horrek itxaropena sortu zuen euskal presoen eta haien senideen artean, baita euskal gizarteko pertsona askorengan ere.

48 hilabete pasatu dira ordutik, eta egoera aldatu egin da. Urruntze-politikarekin amaitzeko lehen urratsak eman dira azken urte hauetan, baita graduen progresioa ere. Baina, lau urteren ostean, oraindik ere euskal presoen % 36 urruntze-politika horren menpe dago. Eta lehen graduarekin amaitu den arren, bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko urratsa edota baimenak eskuratzeko urratsa 21 presori soilik onartu zaie. Kontuan izan gabe Audientzia Nazionalak baimen eta progresioen aurrean hartutako jarrera ukatzailea.

Datuek moteltasun ulertezin bat islatzen dute, are gehiago azken asteetan. Izan ere, ia bi hilabete igaro dira azken Euskal Herriratzea eman zenetik. Zertara dator moteltasun hau? Are gehiago, zertara dator geldialdi hau? Lege arrunta aplikatzeak berehalakoa izan beharko luke, ez dago ez argudio ez aitzakiarik salbuespeneko espetxe-politika iraunarazteko.

Eta hori gertatzen den bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko. Eta, beraz, euskal presoen eta haien senideen eskubideak urratzen jarraitzen dira.

Egoera hau salatzeko elkartu gara gaur hemen. Baina bereziki, hasitako bideari bultzada ematen jarraitzeko. Argi baitugu jendarte zibilaren aktibazioari esker iritsi garela honaino eta urratsak ematen jarraituz, kilometroak batuz, egingo dugula aurrera.

Salbuespeneko espetxe-politikarekin behin betiko amaitzeko aukera dugu eskuartean eta lortu artean ez gara pausatuko. Izan ere, hala ez den bitartean, benetako bizikidetza, memoria, justizia edota bake egoerez hitz egitea, zoritxarrez, ezinezkoa izango baita. Sufrimendu egoerekin amaitzea ezinezkoa izango baita. Herri gisa aurrera egitea ezinezkoa izango baita. Eta, hau da, hain zuzen ere, jendartearen gehiengoaren nahia, aurrera egitea. Eta guztion eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da errealitate bihurtzea.

Bidea egiten jarraitu behar dugu, elkarrekin, bizikidetzaren alde, bakearen alde eta salbuespeneko espetxe-politika ezarrita duten euskal preso guztiek etxera bidea egitearen alde. Bidea egiteko gertu gaude! Etxera bidea gertu dugu!

Dei egiten dizuegu indarrak batzera, urratsak denak batera egitea, herri, auzo zein eskualdetara presoen gaia eramatera, urriaren 8an Donostiako kaleak betetzera. Azken batean denak etxeratu arte, guztion artean aurrera egitea!


Urriak 8 Denok Donostiara!

Urriak 8 Denok Donostiara!