Hamabi urte igaro dira 2014ko ekainaren 14tik, Donostiako San Telmo Museoko zabalgunean SARE Herritarra jaio zen egunetik. Hamabi urte hauetan, gure asmo nagusia izan da Euskal Herriko gizarte zibiletik sortutako tresna kolektiboa izatea, errealitate mingarri, konplexu eta luze bati aurre egiteko: euskal presoen eskubideen urraketa, Estatuko botereetatik gauzatutako errepresioaren helburu baitziren.
Hamabi urte hauetan aurrerapenak eta atzerapausoak egon dira, baina, batez ere, euskal gizartearen beraren zati handi batekin partekatutako ahaleginak nabarmentzen ditugu. Neurria ematen saiatu gara, guretzat nahi ez genuen baina beharrezkotzat jotzen genuen erantzukizunak eskatzen zuen moduan.
Beti esan izan dugu: giza eskubideen defentsa ez da elite baten zeregina, gizarte osoaren konpromisoa baizik. Izan ere, giza eskubideak beti izan dira, dira eta izango dira aterki bat gizarte aske eta gizatiarragoa eraikitzea defendatzen dugun guztiontzat.
Nelson Mandelak gogorarazi zuenez, “pertsonei beren giza eskubideak ukatzea beren gizatasuna zalantzan jartzea da”. Eta Hannah Arendtek idatzi zuenez, “eskubideak izateko eskubidea” da gainerako guztien oinarria. SAREn, apaltasunez, oinarrizko eskubide hori defendatzen saiatu gara, testuinguru zailenetan ere bai. Nahiz eta erosoa edo denen gogokoa ez izan.
Apustu argi batekin jaio ginen: aniztasuna bilatzea. Sare gisa osatzea, edozeinek parte hartu ahal izan zezan, alde batera utzita bere ideologiak eta/edo atxikipen alderdikoiak. Euskal presoen eskubideen urraketak amaitzeko eta gure herrian elkarbizitza berreskuratzeko bideak bilatzeko lan egitea baino ez genuen eskatzen, indarkeriaren biktima guztiak oso kontuan hartuta.
Aniztasun politikoa, soziala eta humanoa hartu dugu oinarri gisa, ideologiaren eta testuinguruaren mende egon behar ez luketen eskubideak defendatzeko.
Lehenengo egunetik bertatik, erdigunean kokatu dugu zuzenbidearen eta giza eskubideen defentsa, hau da, bukaera ematea arrazoi politikoengatik presoak, iheslariak eta deportatuak izateari. Ez eslogan gisa, konpromiso gisa baizik, iraunkorra, pazientzia handikoa eta, askotan, zaila izan dena.
Gure lanaren ardatz nagusietako bat, hasiera-hasieratik, urruntze- eta sakabanatze-politika salatzea izan zen. Espetxe-politika krudela eta oso mingarria izan da, urte luzeetan euskal presoak ez ezik, haren senideak eta hurbilekoak ere zigortu dituena, milaka kilometro egitera behartuta baitzeuden bisitaren oinarrizko eskubidea gauzatzeko.
Errepidean 16 pertsona hil ziren. Bidaia luze horietan mila istripu baino gehiago gertatu ziren. Kartzeletan 30 preso baino gehiago hil ziren ziega bateko lau hormen artean, etxekoengandik aparte. Sufrimendu horren nahitaezko erreferentzia da “motxilaren umeak” izenez ezagutzen ditugun haurrek jasan behar izan zuten egoera, gurasoak urrun izatearen ondorioz.
Kaltea eragin nahi bazen, lortu egin zuten. Min handia eta sufrimendu handia. Baina ez zen lortu haustea senideen eta lagunen konpromisoa, euskal presoak aste bakar batean ere bisitarik gabe ez geratzeko.
Politikatik diseinatutako espetxe-politika izan zen, inolako oinarri juridikorik gabea, eta sufrimenduari sufrimendua gehitu zion, hiru hamarkadatan baino gehiagotan.
Urteetan zehar, politika horren salaketa izan zen gure lanaren ardatz nagusietako bat. SAREtik etengabe salatu genuen, haren amaiera eskatu genuen eta estatuko kartzeletan ibili ginen presoen eskubideei gure babesa helarazteko. Gaur egun, politika hori atzean geratu da, eta haren amaiera ere modu kolektiboan egindako bidearen parte da.
Urruntze- eta sakabanatze-politikaren bukaerarekin batera, argi eta garbi defendatu dugu espetxe-politika arrunta aplikatzeko beharra: legezkotasuna bete dadila salbuespeneko neurririk gabe, interpretazio murriztailerik eta zigor gehigarririk gabe, giza eskubideek ez baitute abizenik eta desberdintasunik onartzen.
Bide horretan beti saiatu gara adostasunak bilatzen.
Adostasun sozialak eta adostasun politikoak, sinesten dugulako akordio zabaletatik bakarrik itxi daitezkeela denbora luzeegian irekita egon diren zauriak.
Ibilbide hori guztia egin dugu hasieratik gidatu gaituen konpromiso etikoari eutsiz: biktima guztien duintasuna defendatzea, hierarkiarik eta instrumentalizaziorik gabe.
Jendaurrean salatu dugu euskal presoen eskubideen urraketa, eta hori egin dugu beti gure ibilbidea definitu duen konpromiso etikotik, hau da, indarkeria guztien biktimen duintasunaren defentsatik, haien mina hierarkizatzeari uko eginez eta haien sufrimenduaz arrazoi politiko alderdikoiengatik egiten den erabilera salatuz.
Askotan esan dugu inoiz ez garela eztabaidan hasiko ez biktimekin ez haiek ordezka ditzaketen elkarteekin, eta inork ez duela bere memoria edo egia inposatzeko eskubiderik. Baina gauza bat da hori aitortzea eta beste bat, desberdina, espetxe arloko legeen interpretazio murriztaileak egitea edo esatea eragindako kaltearen erreparazioa kolektibo partikularrei dagokiela, eta ez administrazio publikoei.
Zigor- eta espetxe-zuzenbidearen xedea, biktimei justizia egitea ez ezik, pertsona guztien eskubideak babestea ere bada, askatasunaz gabetutako pertsonenak barne, preso egonik ere eskubideen subjektu izaten jarraitzen dutelako.
Ondo dakizue ez dela bide erraza izan. Denbora honetan, euskal gizartearen zati handi baten etengabeko babesa sentitu dugu, gizarte horren parte gara eta haren zerbitzuan gaude. Baina ezagutu ditugu, halaber, seinalatze eta jazarpenak, eta kriminalizazio- eta desakreditazio-ahaleginak, ezer ez aldatzea nahiago dutenen aldetik: zenbait instantzia judizialetatik, panfleto bihurtutako tribuna mediatikoetatik, edo immobilismoaz elikatzen diren diskurtso politikoetatik.
Gaur, Arrasaten, 2026ko ekainaren 6 honetan, zuhurtziaz baina zintzotasunez esan dezakegu egoera aldatu egin dela. Urte askoan aldaezina zirudien agertokia eraldatzen lagundu dugu; gizartean gero eta kontzientzia handiagoa dago, eta gero eta irmoagoa da etapa hau behin betiko ixteko erabakia.
Duela hamabi urte 465 preso zeuden, Espainiako eta Frantziako estatuetako 50 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta, 140 preso Frantziako Estatuan, zehazki. Euskal Herriko ehun herritan baino gehiagotan presoak zeuden, eta haiek gogoratu eta haien eskubideak landu behar ziren, astero kontzentrazioak eginez herri horietako bakoitzean.
2023an, sakabanatze- eta urruntze-politikaren amaierak gure dinamikak aldatzera behartu gintuen, zorionez. Gaur egun, agertokia desberdina da. Gutxi gorabehera 120 preso daude, eta horietatik % 70 inguru hirugarren graduan daude, edo 100.2 artikulua dute aplikatuta. Euskal Herriko 35 herritan dago oraindik motibazio politikoko preso, iheslari edo deportaturen bat.
Gutxi gorabehera 40 pertsona daude oraindik gradu-progresiorik gabe edo 100.2 artikulua aplikatu gabe, baina espero dugu egoera hori aurten aldatu ahal izatea, dela “euskal espetxe eredua” izenekoa aplikatzeagatik, dela 7/2014 Legea garatzeagatik Frantziako Estatuan zigorra bete zutenentzat.
Agertokiaren aldaketa sakon horrek gure dinamikak egokitzea eskatzen du. SARE beste dinamika sozial aitzindari eta hegemoniko batzuen emaitza izan da eta da. Dinamika horien inguruan egituratu da hogeita hamar urtez baino gehiagoz eskubideen aldeko mobilizazioa eta, beraz, 2026-2027 aldiak trantsizio-aldi bat izan behar du.
Gure jarduteko modua birdefinitu behar dugu, gure mobilizazio-dinamikak errealitate berrira egokituz, baina gure helburuari uko egin gabe: azken presoa, iheslaria eta deportatua etxera itzultzea.
Eleanor Rooseveltek esan zuen giza eskubideak leku txikietan hasten direla. Beharbada hori da SARE: leku txiki bat, hurbila, non jende arrunt askok beste aldera ez begiratzea erabaki baitzuen. Eta, hain zuzen ere, horrexegatik, sinesten dugulako irekitzen diren prozesuen indarrean eta prozesu horiek ixten jakin behar dela, uste dugu garaia iritsi dela etapa bati bukaera ematen hasteko eta aldarrikapen-modu berri bat irekitzeko, aurrean ditugun erronka berriei erantzuteko gai izango dena.
Gogoeta hau lasai partekatu nahi dugu, urgentziarik eta kontsignarik gabe. Orain arteko zintzotasun, aniztasun eta giza eskubideekiko konpromiso berberekin. Izan ere, SARE, batez ere, nahi dugun gizartearen adierazpidea izan da eta da.
Horregatik guztiagatik, gure jarduteko modua definitzeko unea da, 2026-2027 jomuga hartuta , eta hau trantsizio-aldi bat da. Beraz, mobilizazioekin nola jokatu eta haien egokitasuna aztertuko dugu bai tokian-tokian bai nazio mailan.
Uste dugu gure lan-ildoa birmoldatu behar dugula, eta une bakoitzeko beharretara egokitzen ahalegindu, baina ahaztu gabe gure helburua lanean jarraitzea dela motibazio politikoko azken preso, iheslari edo deportatua etxera itzuli arte.
Uste dugu osasuntsua eta arduratsua dela irudikatzea etorkizun hurbil horretan SARE ez dela beharrezkoa izango.
Izan ere, gurea bezalako sare baten ondarerik onena ez da betikotzea, baizik eta hura sortu zuen bidegabekeria desagertzen laguntzea. Pentsatu behar dugu SAREren amaiera, gauzak ongi eginez gero, garaipen kolektiboa eta diskretua izango dela, garaipen garrantzitsuenak halakoak izan ohi dira eta.
Beraz, gaur hona ekarri gaituen helburu nagusia iragarri nahi dugu. Bai, aurten ahalegin kolektibo handiena egin behar da 2027ko URTARRILEKO manifestazioak adieraz dezan euskal gizartearen gehiengoak aurrera egin nahi duela. HELMUGA DENAK ETXERA. Gure helburua da manifestazioak euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio sozialaren ibilbide oso baten amaiera irudikatzea.
Datorren 2027ko urtarrilaren 9an, berriro defendatuko ditugu presoen eskubideak eta, horrekin batera, egindako bidea eta hori posible egin duen herritarren konpromisoa gogoratuko ditugu.
Guztion artean lortu behar dugu urtarrilaren 9ko deialdi hau euskal gizartearen gehiengoaren adierazpena izatea, denoi min egiten digun eta amaitu behar dugun egoera bati amaiera emateko.
Gure borondatea eta nahia da urtetan milaka herritar biltzen dituen manifestazio iraunkorrei amaiera ematea. Eta beraz, azkena izatea nahi dugu. Baina errealitate bihurtzea guztion ahaleginaren araberakoa izango da. Denok Bilbora! Helmuga denak etxera!
Beraz, gaur ekitaldi honetatik atera behar dugu, urtarrilaren 9an elkarbizitza eta konponbidea bezalako hitzak egia bihurtzeko behin betiko urratsa emateko borondate irmoarekin. Eta hori euskal presoa guztien etxeratzearekin eta indarkeria guztien biktimak errespetatzearekin bakarrik izango da posible.
Preso, iheslari eta deportatuak, etxera!



