Urtarrilaren 8 mobilizazioen aurreko azken datuak

Urtarrilaren 8 mobilizazioen aurreko azken datuak

Urtarrilaren 8rako hiru egun falta direla, prentsaurreko hau deitu dugu larunbat horretarako antolatutako ekitaldien zehaztasunak emateko. Badakizuenez, aurten, berriro ere, pandemia betean garatuko dugu egun hori, eta berriro gogorarazi nahi dugu oso garrantzitsua dela osasun-neurriak betetzea.

Aipatutako osasun-egoeraren ondorioz, erantzukizunak eskatuta, urteetan eta urteetan Bilbon milaka eta milaka pertsona elkartu dituen mobilizazioa deszentralizatu egin behar izan dugu, eta mobilizazioak deitu ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Bilbon barne, baita herri gehienetan ere. Argi izanda osasun-egoeraren ondorioz pertsona askok ez dutela aukerarik izango deialdi horietan parte hartzeko, gaurko prentsaurreko hau baliatu nahi dugu etxean geratu behar duten pertsona horiei eskatzeko haien sare sozialetan zabal ditzatela urtarrilaren 8ko aldarrikapenak.

Urtarrilaren 8ko ekitaldiak Euskalduna Jauregian hasiko dira, mahai-inguru batekin, non gure herrian izandako indarkerien biktimek parte hartuko baitute. Eta arratsaldean, gainerako hiri eta herrietan bezala, 17:00etan, Bilboko manifestazioa hasiko dugu, Plaza Eliptikoan. Urtero bezala, udaletxearen aurrean amaituko da.

Bilboko manifestazioan Bilboaldea osatzen duten herriek ere parte hartuko dute, hau da, Uribe-Kostako eta Ezkerraldeko herriek eta Basaurik.

Aurten, berriro ere, ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial zabala izango dugu. Gurekin izango dira Euskalduna Jauregian egingo dugun ekitaldian ere.

Une honetan, Euskalduna Jauregian ordezkari hauek izango direla baieztatu ahal dugu:

EAJ-PNV/ EH Bildu/ Elkarrekin Podemos/ Podemos Nafarroa

ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, ETXALDE, HIRU, CGT, CNT, EHNE

Arartekoaren bulegoko ordezkaritza bat,

eta giza eskubideen defentsaren eremuan lan egiten duten elkarteetako ordezkaritza zabala ere.

Horrez gainera, Kataluniatik eta Galiziatik etortzeko asmoa adierazi digute hauek, betiere osasun-egoeraren arabera:

– ERC, JUNTS, CUP, ANC, OMNIUM, CONSELL PER LA REPUBLICA, eta Galiziatik, BNG.

Jakinarazi behar dizuegu ere Euskalduna Jauregiko ekitaldian indarkeriaren biktima batzuk izango direla, mahai-inguruan entzule gisa parte hartu nahi dutela adierazi baitigute.

Sareren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei haien jarrera onagatik eta parte hartzeagatik.

Orain dela egun batzuk esan genuen bi arrazoi objektibo genituela aurrez aurre. Batetik, oraingo osasun-egoerak eta konfinatutako pertsonen kopuruak zaildu egingo dute, zalantzarik gabe, ekitaldietan parte hartzea, baina, bestetik, argi dugu beste arrazoi objektibo bat, hau da, kalera irtetearen eta salbuespeneko espetxe-politikaren amaiera eskatzeko aldarrikapena aktibo mantentzearen beharra eta garrantzia. Hau jasotzen du aldarrikapen horrek:
– Euskal preso guztiak hurbiltzea, salbuespenik gabe eta gehiago atzeratu gabe.
– Bigarren gradutik hirugarrenerako progresioa, espetxeko baimenak hartzeko eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera desblokeatzea.

– Eta bizikidetzaren eta bakearen alde aurrera egiten jarraitzeko aldarrikapena, erantzukizunez, errespetuz eta enpatiaz.

Hau izango da urtarrilaren 8 honetarako mezu nagusia; espero dugu oraingo espetxe-politika aldatzeko erabakigarria izango den urte berriaren hasiera izatea.

Halaber, sufrimenduari amaiera emateko eta etorkizun hobea eraikitzeko bide honetan elkarrekin aurrera egiteko urtea izatea espero dugu. Eta guztion artean egin behar dugu hori. Bestela, ezinezkoa izango da.

Hori da hasi berri dugun urteari eskatzen dioguna, eta egunero lan egiten jarraitzeko arrazoia.

Bidea dugu egiteko, eta egiten ari gara; urratsez urrats, lortuko dugu.

___

URTARRILAK 8 // DEIALDIAK:

>ARABA > IKUSI HEMEN: https://sare.eus/ekimena/urtarrilak-8-araba/

>BIZKAIA > IKUSI HEMEN: https://sare.eus/ekimena/urtarrilak-8-bizkaia/

>GIPUZKOA > IKUSI HEMEN: https://sare.eus/ekimena/urtarrilak-8-gipuzkoa/

> NAFARROA > IKUSI HEMEN: https://sare.eus/ekimena/urtarrilak-8-nafarroa/