Gabonen testuinguruan, Hego Euskal Herriko lau hirietan mobilizazioak deitu ditugu
Urtero bezala, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den mobilizazioaren bezperan eta Gabonen testuinguruan, Hego Euskal Herriko lau hirietan mobilizazioak deitu ditugu.
Mobilizazio horiek mezu argia dute, “etxerako bidean”, hau da, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aldarrikapena, hori baita preso oro bizitza sozialean berriro integratzeko funtsezko oinarria.
Izan ere, nahiz eta behin eta berriz ontzat jo dugun espetxe-politikari dagokionez ematen ari den aldaketa, oraindik zutik dirau urruntze-politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 77 preso daudelarik. Gradu-progresioari dagokionez, nahiz eta, praktikan, preso guztiak bigarren graduan egon (lehen graduan urteak eman ondoren), 9 bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura.
Ez dugu ahaztu nahi, gainera, ezarritako gradu-progresio horretan atzeraeraginezko egoera bizitzen ari garela une honetan; izan ere, Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Espetxeetako Tratamendu Junten erabakiak, eta horrek esan nahi du irteteko baimena edo baldintzapeko askatasuna duten pertsonak berriro espetxeratuak izatera behartuak direla bigarren gradura igaroz. Espetxe-politikaren aldaketan atzera urrats argia da hau, eta agerian uzten du oraindik ere, sektore batzuek ez dutela aurrera egin nahi, eta erosoago sentitzen direla iraganeko konfrontazio-egoeran.
Horregatik guztiagatik, Gabonetan mobilizatzera deitzen ditugu aldarrikapen honekin bat egin eta jendarte zein herri gisa aurrera egin nahi duten herritar guztiak;
• Abenduaren 18an 12:00etan Basauriko Arizgoiti plazatik abiatuko den eta Basauriko espetxetik igaroko den manifestazioan.
• Abenduaren 26an, hitzordu bikoitzarekin:
◦ Araban, 12:00etan Zaballan egingo den ekitaldian, bertara bizikletaz zein autobusez joateko aukera izango delarik. Bizikletaz 10:00etan Gasteizetik Andre Maria Zuriaren plazatik irtenda eta autobusez 10:30etan Gasteizko San Anton plazatik.
◦ Gipuzkoan, bizikleta martxa egingo da 12:00etan Martuteneko espetxetik irtenda eta ondoren 13:00etan manifestazioa Donostiako epaitegitik.
• Eta azkenik, abenduaren 31n, Iruñean, 12:30ean, Baratxurien plazan, kultur ekitaldia eta urte berriko topa egingo dugu.
2021.urte amaiera eta 2022. urte hasiera kalean egingo ditugu, herriz herri antolatuko diren ekimenekin, hiriz hiri egingo ditugun mobilizazioekin eta urtarrilaren 8an Bilbon egingo dugun manifestazio jendetsuarekin. Ezin da gehiago atzeratu. Euskal preso guztien hurbilketa berehala burutu behar da, beste atzerapenik gabe. Eman diezaiogun ongietorria 2022ari giza eskubideen urraketa honi amaiera emanaz.
Abenduak 26 · Martutenera Abenduak 31 · Iruñean