Aurtengo udaberrian Etxera Egunak ospatuko ditu SAREk herriz herri

Aurtengo udaberrian Etxera Egunak ospatuko ditu SAREk herriz herri

Gaur, euskal presoek eta haien familiek hamarkadetan zehar jasandako eskubide-urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude: urruntze-politikaren amaiera.

Lehenik eta behin, garrantzitsua da bi urte eta erdi hauetan emandako pausoei balioa ematea; lehen graduaren amaierak, ondoren egindako hurbilketek, aberriratzeak, orain, une honetan, urruntzearen amaieraren atarian egoteak, preso batzuk, pixkanaka eta oztopo askorekin, etxerako bidea egitea lortzen ari direla ikusteak, … esandakoa ikusarazten digute, urrats garrantzitsuak ematen ari direla. Eta egia da orain arte eman diren aurrerapenak parlamentuetako adostasunen eta akordioen ondorio direla, baina baita, zalantzarik gabe, gizartearen aktibazioaren ondorio ere.

Salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urruntzeak, zigorren batuketak edo ia bizitza osoko zigor luzeen ezarpenak, hirugarren gradura iristeko edo baimenak lortzeko oztopoek edo eta larriki gaixo daudenak etxera itzultzeko dituzten oztopoek, herri honetan bizikidetzaren eta bakearen alde egiten ari diren urratsak oztopatzeko asmo argia dute. Mobilizatzen jarraitu behar dugu, gizartea aktibatzen, eta ikusarazi behar diogu oraindik elementu asko ditugula konpontzeko, eta horrek, funtsean, gizarte aktibo bat eskatzen duela, konponbideak eskatzen dituen gizarte aktibo bat.

Horregatik asteburu honetatik hasita eta datozen hilabetetan Euskal Herriko hainbat eskualdetan Etxera Egunak ospatuko direla iragarri nahi dugu, Adibidez; (Amasa-Villabona, Leitza, Arrotxapea, Lesaka, Etxarri Aranatz, Agurain, Aiaraldea, Azpeitia, Zumaia, Oiartzun, Aretxabaleta, Arrasate, Pasaia, Orereta-Errenteria, Tolosa, Lasarte-Oria, Gasteiz, Berango… eta gehiago). Fase berri honetan euskal presoek oraindik orain jasaten dituzten eskubide urraketak salatu eta etxerako bidea egiteko dituzten oztopoen salaketa egiteko.


 

Urnieta Artxibo irudiak
Lazkao Artxibo irudiak