Euskal gehiengo sindikala salbuespen neurrien kontra mobilizatuko da ekainaren 20an

Euskal gehiengo sindikala salbuespen neurrien kontra mobilizatuko da ekainaren 20an

Ekainaren 20an Euskal gehiengo sindikala salbuespen neurrien kontra mobilizatuko da sare herritarrarekin batera

“Ekainaren 20an, Euskal gehiengo sindikalaren ordezkariak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE) batuko gara Sare Herritarrarekin elkarlanean Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako hiriburuetan burutuko ditugun mobilizazioetan. Izan Bidea dinamikan abiatu genuen bezala, oraindik ere elkarbizitzarako eta konponbiderako pausoak ematen jarraitzea dagokigula adierazteko.

Izan Bidea dinamikan, hamaika ekimen burutu ziren Euskal Herri luze-zabalean eta herriz herri garatu zen dinamika hura lantokietara ere eraman genuen, langileok ere hasitako bide horri gure hauspoa eman genion. Izan ere, deialdi honetara dei egiten dugun sindikatuok denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Garrantzitsua da bi urte eta erdi hauetan emandako pausoei balioa ematea; lehen graduaren amaierak, ondoren egindako hurbilketek, urrunketaren amaierak… Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker gertatu dira. Horregatik ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea salbuespen legediarekin amaitu eta gradu progresioaren blokeoarekin ere amaitzeko.

Zentzu honetan, elkarlan eta aktibazio horrekin jarraituz datorren Ekinaren 20an Bilbo, Donostia eta Gasteizen eguerdiko 12:00tan burutuko diren mobilizazioetarako parte hartzeko deia luzatzen diegu langile zein herritarrei. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin salbuespena atzean utzi eta etxera bidea gertu izatea delako helmuga.”