Joseba Borderen gradu erregresioaren aurka kalera atera dira Ugaon

Joseba Borderen gradu erregresioaren aurka kalera atera dira Ugaon

Berriz ere jaso nahi ez genuen notizia iritsi da. Joseba Bordek lehengo ostegunean 3.gradua eskuratu bazuen ere fiskaltzaren elegiteak behartuta atzera 2.graduan espetxera itzularazi dute. Oraingo honetan Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatu zaio Josebari, zeinaren bidez presoak berriro espetxera sartu behar duen espetxe zaintzako epaitegi zentralak hirugarren gradua eteteko fiskalaren eskaera onartzen duen unean, prozesua geldiaraziz Espetxe Zaintzarako Epaile Zentralaren erabakiari itxaron gabe. Egoera horrek, espetxean hilabeteak pasatzera eraman lezake berriro. Honela Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatu izanak salbuespen eta indefentsio juridiko bat sortzen ditu.

Beste behin ere, horretarako ardura eta beharrezko informazioa duten Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin du Audientzia Nazionalak, presoek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatuz.

Legea eskuan hartuta, Josebak baldintza guztiak betetzen ditu 3.graduan egoteko, zigorraren ¾ ak 2019an bete baizituen eta dagoeneko 20urte terdiko kartzelaldia du bizkar gainean. Baina, hori hala izan arren, Audientza Nazionalak, beste behin ere, oztopatu du bere ibilbidea.

Hori gutxi balitz, Josebak 64 urte ditu eta koloneko gaixotasun larri bat diagnostikotua du. Legeak dioen arauen kontra ordea oraindik kartzelan jarraitzen du, artatze egoki bat jasotzeko eskubidea urratzen zaiolarik.

Nahikoa da! Hau ez da justizia.

 

 

Tamalez, eta oso ondo dakigu, Josebaren kasua ez dela kasu isolatu bakarra, eta beste zenbaitetan egin bezala oraingoan ere kalera irten gara egoera hau salatzeko. Horretan jarraitu behar dugu, bai kalean eta baita instituzioetan ere.

Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin amaitzeko urratsak ematen ari garen honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz.

Gaur hemen batu gara egoera hau eta Fiskaltzaren eta Audientzia Nazionalaren jarrera salatzeko. Baita, Josebak etxean behar lukeela argi adierazteko. Legeak ezarritako bideari oztopoak jartzeko jarrera hau, iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin baino ezin dugu lotu, halakorik ezin baita bestelakoan ulertu. Izugarria da 2023. urtean oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea.

Baina guk argi dugu, guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta hori guztion artean egin behar dugu. Horrelako gertakarien aurrean, salbuespenezko espetxe politika behin betikoz amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, hori delako erantzunik eraginkorrena. Ezin ditugu atzerapauso hauek onartu eta horregatik gaude gaur hemen, baldintza guztiak betetzen dituztelako etxean izateko, eta hori horrela ez den bitartean lanean eta kalean jarraituko dugulako,

Eskerrik asko, Joseba Etxera!
Animo Lortuko dugu!