Ainhoa Barbarin, Urretxuko presoak bigarrenez espetxera itzuli beharko du, onartu zioten hirugarren graduaren aurkako elegitea aurkeztu ostean
Ainhoa Barbarin, Urretxuko euskal presoak bigarrenez espetxera itzuli beharko du, estatuko fiskaltzak, pasa den ostegunean onartu zioten hirugarren graduaren aurkako elegitea aurkeztu ostean. Auzitegi Gorenaren doktrina jarraituta, preso urretxuarra espetxera itzuliko da, Espetxe Zaintzako Epaitegiak errekurtsoa ebatzi arte.
Beste behin ere, horretarako ardura eta beharrezko informazioa duten Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin du estatuko fiskaltzak, presoek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatuz.
Lehenago aipatu bezala Ainhoa Barbarin presoari bigarrenez eten zaio 3.gradua. Bi kasuetan legeak dioen bideari jarraiki birgizarteratze fasean aurrera egiteko aukera eten zaio. Legea eskuan hartuta, Ainhoak baldintza guztiak betetzen ditu 3.graduan egoteko, zigorraren 2/3 beteak bait ditu. 21 urte daramatza espetxean.
Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin amaitzeko urratsak eman diren honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz.
Sarek mantentzen duen bezala, legeak ez du inolaz ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz.
Gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere, oztopoak baino ez dituztelako jartzen presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Etxera etortzea eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko.
Horregatik, Urretxun ostiral honetan, abuztuak 4, arratsaldeko 20:00etan Potros Plazan burutuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu, egoera hori salatzeko.