Jendetza bildu da Gasteizko erdigunean Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzeko

Jendetza bildu da Gasteizko erdigunean Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzeko

Esperantza garaietan bizi gara euskal presoen gaian. Gizartearen mobilizazioari eta ekimen politiko, juridiko eta sindikalei esker etapak ixten joan gara, pixkanaka gauzatzen joan dadin gure leloa: ETXERA.

Herriaren ahaleginak lortu du bukatzea urruntze politikak zekarren eskubide urraketa, 34 urte baino gehiagotan espetxeetan ez ezik senideen artean ere hainbeste sufrimendu eragin duen politika horrek.

Etapa berri batean sartu gara: preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzekoa: ETXERA.

ETAk jarduera armatua bukatzeko erabakia hartu eta hamabi urtera, eta bere burua desegin eta bost urte baino gehiago pasatu ondoren, ezin da jarraitu Euskal Herrian ezer aldatu ez balitz bezala.

Ez dago inolako justifikaziorik salbuespen juridikoari eusteko, eta, horregatik, konpromiso irmoa eskatzen diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, kartzeletan gaur egun ere pairatzen duten salbuespen egoera behingoz buka dadin.

Ez dago inolako justifikaziorik justizia politizatu batek segi dezan euskal presoentzat espetxe-araudi arruntaren aplikazioa ukatzen, eta espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakien kontra errekurritzen behin eta berriz, hirugarren gradura pasatzea edo espetxe baimenak ematea onartzen dutenean.

 

Askotan esan dugu ez dugula pribilegiorik eskatzen preso horientzat. EZ. Legezkotasuna eskatzen dugu. Estatuko espetxeetan dauden milaka preso horietatik edozeini aplikatzen zaion legezkotasun bera.

Dagoeneko zigorraren urte asko bete dituzten pertsona batzuez ari gara hizketan. Zenbaitek 30 urte baino gehiago daramatzate kartzelan, zigorraren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak badira, eta ez dago legerik eragozten duenik gainerako zigorra espetxetik kanpo betetzeko aukera.

Zigorra Frantziako kartzeletan bete duten pertsonak dira kasu askotan, Espainiako Estatura estraditatu ondoren kartzelan emandako urte horiek kontuan hartu ez eta zigorra hutsetik betetzen hasi behar izan dutenak. Europako esparru judizialean legez kontrakoa da hori.

Kartzelan bete beharreko berrogei urteko zigorra -bizi arteko zigor ezkutua- jaso duten pertsonez ari gara hizketan, zigor hori Espainiako Konstituzioan jasota ez egon arren, ez eta justifikatuta ere birgizarteratu ahal diren presoen kasuan.

Preso horiek, gainera, konparaziozko bidegabekeria jasaten dute, legearen aurrean berdinak izateko printzipioa deuseztatzen duena. Estatu-erabakiak tarteko edo inpunitatearen babesarekin hil, zauritu, torturatu edo beren boterea gehiegikeriaz erabili zuten gehien-gehienak ez dituzte epaitu, oro har, eta horietatik epaitu zituztenek berehala lortu zuten kartzelatik ateratzea. Euskal presoen kasuan guztiz kontrakoa gertatzen ari da: jazarpena eta eskubideen urraketa etengabekoak dira.

ETXERA Bai, etxean nahi ditugu. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den-denok behar zaituztegu. Hau ez da errebindikazio alderdikoia edo ideologikoa. Askatasunik gabe urteak eta urteak daramatzaten horien giza eskubideak errespeta daitezela exijitzen dugu, besterik ez.

Horregatik guztiagatik, gure eskaera da batera egitea ……… festen ospakizunak eta eskubide horien errebindikazioa.


ETXERA. ETXERA ETA ETXERA!!