Select Page

Maiatzaren 17an eta 18an konponbidearen puzzlea osatu behar dugu Herri gisa aurrera egin nahi badugu

Maiatzaren 17an eta 18an konponbidearen puzzlea osatu behar dugu Herri gisa aurrera egin nahi badugu

Gaurkoan Puzzlea osatu arte ekimenaren xehetasunak azaltzeko elkartu gara Iruñean, hain zuzen, ekimena bera 4 egun barru amaituko dugun tokian bertan. Maiatzaren 17an Larunbatean hasita, 544km osatuko ditugu herriz herri, behin betiko konponbidea aldarrikatu eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezaten aldarrikatuz.

Salbuespen lege eta politikak oztopo dira oraindik etxerako bidea egiteko duten 57 presoen kasuan. Sare Herritarraren ustez, ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu, gatazkak utzi dizkigun ondorioekin amaitzea. Ezinbesteko dugu behin betiko konponbidea. Zentzu horretan hartuko ditugu kaleak datozen egunetan, zentzu horretan aldarrikatuko dugu euskal gizarteak eta gure herriek puzzlea osatzeko duten beharra.


Aipatu bezala larunbatean hasiko dugu ekimena, hain zuzen goizeko 10:00tan Lesakatik abiatuta. Gipuzkoa igaro ondoren Bizkaia aldera gerturatuko gara arratsaldeko 19:00k inguruan Galdakaora iritsi eta lehenengo egunari amaiera emateko. Bigarren egunez, igandean, Berangon hasiko dugun bidean, Bizkaia eta Araba gurutzatuz berriro Nafarroara itzuliko gara, 19:00k inguruan Iruñera iritsi eta ekimenaren amaiera ekitaldiari hasiera emanateko. Igaroko ditugun 28 herrietan, konponbidearen puzzlearen zatiak jasoko ditugu banaka banaka. Konponbidea baita oraindik erregimen itxian dauden euskal presoak dituzten herrien errealitate eta nahia.

Konponbideaz ari garenean herri honetan horrenbeste urtez horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkak utzitako ondorien konponbideaz ari gara. Euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidea hasteko duten beharraz ari gara. Biktimek aitortuak izateko, erreparatuak izateko eta egia jakiteko duten beharraz ari gara. Pauso guzti horiek eman gabe ez baikara igaroko elkarbizitza agertokietara.

Herri gisa aurrera egin nahi badugu beharrezko dugu elkarbizitza agertokietara jauzi egitea. Herri gisa aurrera egin nahi badugu ezinbesteko dugu behin betiko kononbidea. Herri gisa aurrera egin nahi badugu ezinbesteko dugu konponbidearen puzzlea osatzea.

Puzzlea osatu arte! Euskal preso iheslari eta deportatuak etxera!

 


 

» Deialdi guztiak: https://sare.eus/puzzlea-osatu-arte/