
Xabier Zabalo Zumarragako presoak gradu erregresioa jasan du

Otsailaren 21ean Eusko Jaurlaritzak, 2024ko Abenduaren 20an Zaballako Espetxe Zaintzako juntak proposatuta, Xabier Zabalo presoarentzako hirugarren gradua onartu zuen.
Atzo, martxoak 3, Audientzia Nazioanaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki honen aurka eta Zumarragako presoak atzo bertan, espetxera itzuli behar izan zuen bigarren gradurako erregresioa jasanda.
Azken urtebetean horrelakorik ikusi ez badugu ere, gradu erregresio baten aurrean gaude berriro. Honen aurrean, espetxeko juntak eta bertako profesionalek hartutako erabakiari Madrildik helegitea aurkezteak zein zentzu duen galdetzen dugu beste behin. Zein oinarrirekin erabakitzen da espetxeko profesionalek egokitzat ikusten duten aurrerapausoari helegitea aurkeztu eta berehalako prozeduraz gainera, Xabier espetxera bidaltzea?
Xabier Zabalo 30 urteko zigorra betetzen ari da, 2025ko Urrian beteko dituelarik zigorraren hiru laurdenak. Espetxe ibilbidean pauso guztiak emanak ditu aurrez Xabierrek, irteera programatuetan parte hartu zein baimen ezberdinak gauzatu dituelarik. Lege arrunta ardatz, 3. gradua eman zaiona baino lehenago behar zuela diote etxerako bidea diseinatzen duten irizpideek. Pairatu behar izan duen erregresiorik gabe, noski.
Euskal presoek etxerako bidean urrats guztiak ematea da lege arrunta aplikatzea. Euskal presoek etxerako bidean urrats guztiak ematea da gatazkaren konponbidearen zentzuan urratsak ematea. Xabierrek argi erakutsi du bide horretan bere konpromezua, eta konpromezu horren ondorio da Zaballako espetxe juntak egindako proposamena. Eusko jaurlaritzak ere oniritzia emana zion espetxeko juntak egindako proposamenari eta entzutegi nazionaleko fiskaltza izan da erabaki horri helegitea jarri diona.
Presoek eta kasu honetan Xabierrek, ukatu ezin zaizkion zigorra betetzeko kunplimentu-modalitateak ditu, tartean helegitea aurkeztu berri dioten 3. gradua. Legeak ez du inolaz ere azaltzen presoak zigorra osotasunean 2. graduan bete behar duenik, are gehiago, bergizarteratzean sinesten duen sistema bada espainiako espetxe sistema, zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko baliabideak eskaini beharko lituzke. Baliabide horiek dira hain zuzen Xabierri audientzia nazionaleko fiskaltzak ukatu dizkionak.
Horregatik, Sarek, datorren ostiralean Martxoaren 7an arratsaldeko 20:00 Urretxuko Potros Plazan antolatu duen mobilizazioan parte hartzera deitzen du gizartea, salbuespenezko erabakiek salbuespenezko egoerak sortzen dituztelako, Xabier eta bere ingurua oso gogorra den prozedura baten aurrean jarri dituelako Audientzia Nazionalak. Gertaturikoa salatzeko ostiralean Urretxun elkartuko gara.
GRADU ERREGRESIORIK EZ! XABIER ZABALO ETXERA!