Bigarren gradu erregresioak espetxera itzularazi du Joseba Borde ugaotarra
Joseba Borde Ugaoko presoa Basauriko espetxera itzuli da. Bigarren gradu erregresioa da Borderentzat. Oraingoan Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, fiskaltzak bere hirugarren graduaren aurka jarritako errekurtsoa onartu ondoren bueltatu da espetxeratzea.
Joseba Borde Gaztelumendi 64 urte ditu eta 20 urte eta erdi daramatza espetxean. Bere zigorraren hiru laurdenak 2019an bete zituen. Hirugarren graduan egoteko baldintza guztiak betetzen ditu.
Ekainean jasan zuen lehenengoz gradu erregresioa eta espetxera itzuli behar izan zuen.
Atsekabea eta haserrea adierazi nahi dugu Joseba Borderen kasuan ere salbuespenezko epaitegi honek hartutako erabakiarengatik. Salbuespenezko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea. Berriz diogu lege arruntak ez duela esaten presoek azken egunera arte bete behar dituztenik zigorrak espetxe barruan, eta beste modu batzuk aplika dakizkiekeela kondena espetxeetako harresietatik kanpo betetzeko, 3. graduan, baldintzapeko askatasunean,…
Guk elkarbizitzari ateak irekitzen jarraituko dugu, eta horrelako erabakien aurrean, salbuespenezko espetxe-politikaren atea behin betiko ixteko lanean jarraituko dugu. Euskal gizarteari dei egiten diogu iraganera iraunarazi nahi gaituzten ateak itxiko dituzten giltzak eskuetan har ditzan eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezan.
Horregatik, SAREk dei egiten du datorren egunetan deituko diren mobilizaziotan parte hartzera.