Juan Karlos Subijana espetxera itzuli da, bigarren aldiz graduz itzuli ondoren
Juan Karlos Subijana Izquierdo preso gasteiztarra Basauriko espetxera itzuli behar izan da, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak dagoeneko bigarrenez, fiskaltzak hirugarren graduaren aurka jarritako errekurtsoa onartu ondoren.
Beste behin ere, Auzitegi Nazionalak atzera bota du Basauriko Tratamendu Batzordearen proposamena; izan ere, batzorde horrek du horretarako behar den erantzukizuna eta informazioa, eta, ondoren Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua ematearen erabakia. Baina esan bezala, beste behin ere, espetxe-ibilbidea, etxerako bidea eta birsozializaziorantz aurrera egiteko aukera oztopatu ditu Auzitegi Nazionalak, kasu honetan Juan Carlos Subijanari.
Juan Karlos Subijanak 19 urte eta erdi daramatza espetxean. Aipatzekoa da, gainera, kasu honetan preso arabarraren osasun-egoera larria. Horrela dio Eusko Jaurlaritzaren ebazpenean jasotzen den medikuaren txostenak. Txosten horren arabera dituen patologia larriak direla eta, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak erabaki zuen Subijanari hirugarren gradua ematea, kontrol telematikoarekin eta etxean geratuta.
Atsekabea eta haserrea adierazi nahi dugu Juan Karlos Subijanaren kasuan ere salbuespenezko epaitegi honek hartutako erabakiarengatik. Salbuespenezko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea. Berriz diogu lege arruntak ez duela esaten presoek azken egunera arte bete behar dituztenik zigorrak espetxe barruan, eta beste modu batzuk aplika dakizkiekeela kondena espetxeetako harresietatik kanpo betetzeko, 3. graduan, baldintzapeko askatasunean, eta are gehiago kasu honetan, presoak duen osasun-egoera kontutan hartuta. Ulergaitza egiten zaigu gainera, fiskaltzaren helegitearen epaia jaso arte espetxera bueltatu behar izatea.
Guk elkarbizitzari ateak irekitzen jarraituko dugu, eta horrelako erabakien aurrean, salbuespenezko espetxe-politikaren atea behin betiko ixteko lanean jarraituko dugu. Euskal gizarteari dei egiten diogu iraganera iraunarazi nahi gaituzten ateak itxiko dituzten giltzak eskuetan har ditzan eta etorkizuneko ateak irekitzen jarrai dezan.
Horregatik, SAREk dei egiten du datorren azaroaren 8an Gasteizen 19:00etan Andre Mari Zurian egingo dugun mobilizaziora.