Ainhoa Barbarin eta Asier Karreraren Gradu erregresioak salatzeko Manifestazioak egon dira Urretxu ata Etxarri Aranatzen
Asteazkenean jakin genuen moduan, Ainhoa Barbarin, Urretxuko presoa espetxera itzularazi dute, ezarritako hirugarren gradua atzera bota dutelako. Beste behin ere, horretarako ardura eta beharrezko informazioa duten Espetxe Tratamenduetako Batzordeen erabakiaren aurka egin du Audientzia Nazionalak, presoek garatu beharreko espetxe ibilbidea eta etxerako bidea oztopatuz.
Ainhoa Urriaren 6tik zegoen gure artean, 3.graduan, inongo arazorik gabe eta legeak dioen bideari jarraiki birgizarteratze fasean aurrera eginez. Legea eskuan hartuta, Ainhoak baldintza guztiak betetzen ditu 3.graduan egoteko, zigorraren 2/3 beteak bait ditu. 21 urte daramatza espetxean, hori hala izan arren, Audientza Nazionalak, beste behin ere, atzera bota du.
Tamalez, eta oso ondo dakigu, Ainhoaren kasua ez dela kasu isolatu bakarra, duela astebete Asier Karreraren kasuaren berri izan genuen, eta hilabete batzuk lehenago salaketa ezberdiñak egin behar izan ditugu Xabier Atristainen, Mikel San Argimiro, Aitor Esnaolaren, Joseba Arregi edota duela gutxi Asier Rodrigezen egoera berbera salatzeko. Horretan jarraitu behar dugu, bai kalean eta baita instituzioetan ere. Donostiak, Legorretako , Oñatik, Santurtzik, Azkoitik edota Etxarriko udalak egoera salatzeko deklarazio instituzionala onartu zuen moduan Urretxuko udalak ere berbera onartu du, egoeraren kezka argi utziz eta horrelako jokaerak atzean uzteko eskatuz.
Garbi utzi nahi dugu, 7 preso hauez gain ere beste hamarna preso daudela fiskalaren errekurtsoa dela eta, epaiaren zain.
Espetxe politikaren baitan aldaketak eman eta urruntze politikarekin amaitzeko urratsak ematen ari garen honetan, Fiskaltzak, Audientzia Nazionalaren laguntzaz, legedia arruntaren ezarpenaren aurrean eta etxeratze prozesuaren aurrean oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz.
Gaur hemen batu gara egoera hau eta Fiskaltzaren eta Audientzia Nazionalaren jarrera salatzeko. Baita, Ainhoak etxean behar lukeela argi adierazteko. Legeak ezarritako bideari oztopoak jartzeko jarrera hau, iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin baino ezin dugu lotu, halakorik ezin baita bestelakoan ulertu. Izugarria da 2023. urtean oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea.
Baina guk argi dugu, guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta hori guztion artean egin behar dugu. Horrelako gertakarien aurrean, salbuespenezko espetxe politika behin betikoz amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, hori delako erantzunik eraginkorrena. Ezin ditugu atzerapauso hauek onartu eta horregatik gaude gaur hemen, baldintza guztiak betetzen dituztelako etxean izateko, eta hori horrela ez den bitartean lanean eta kalean jarraituko dugulako,
ETXARRI ARANATZEN ERE MANIFESTAZIOA EGIN DUTE ASIER KARRERAREN ERREGRESIOA SALATZEKO
> Etxarriko irakurketaren zati bat:
Asierrek ia 23 urte daramatza espetxean, urte gehienak baldintzarik gogorrenetan. Urriaren 6tik Martuteneko Espetxe Tratamenduetako Batzordearen arabera, legea eskuan hartuta baldintza guztiak betetzen zituelako, Eusko Jaurlaritzak 3.graduan jarri zuen, inongo arazorik gabe eta legeak dion bideari jarraituz, birgizarteratze fasean aurrera eginez. Eta Auzitegi Nazionala bezalako salbuespenezko organo juridiko batek, garaileen eta garaituen arteko eztabaida argi eta garbi markatzeko asmoz, Asierren eta beste guztien etxerako bidea oztopatu nahi du. Euskal presoen aurka garaile eta garaituen kontakizun hori inposatzea lortzen ez duten bitartean, ez dute gelditzeko asmorik (…)
Oharra: Bukatzeko gogoan hartu data bat. Apirilaren 15ean Sakanako Etxera Eguna ospatuko dugu Etxarrin. Datozen egunetan emanen dugu egitarauaren berri. Zabaldu dezagun deialdia lau haizetara eta animatu parte hartzera!