Euskal gehiengo sindikala salbuespen neurrien kontra mobilizatu da SARErekin batera
Izan Bidea dinamika abiatu genuenetik hamaika izan dira sindikalgintzatik burutu ditugun mobilizazioak. Dinamika hura lantegietaraino eraman genuen eta gaur hemen salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatu nahi dugu.
Garrantzitsua da bi urte eta erdi hauetan emandako pausoei balioa ematea; lehen graduaren amaierak, ondoren egindako hurbilketek, urrunketaren amaierak… Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker gertatu dira. Horregatik ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea salbuespen legediarekin amaitu eta gradu progresioaren blokeoarekin behin betiko amaitzeko.
Hemendik beraz dei egin nahi dizuegu Ekainaren 30an etxeratze prozesuaren alde azken ostiralarekin batera hego Euskal-Herriko lau hiriburuetan burutuko diren mobilizazioetara gerturatzeko.
Argi dugu elkarlan eta aktibazio horrekin jarraitzea dagokigula salbuespen neurriekin amaitu arte. Elkarbizitzarako eta konponbiderako pausoak ematen jarraitzea dagokigula. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin salbuespena atzean utzi eta etxera bidea gertu izatea delako helmuga.