Urriaren7tik 9ra «Ibilian-ibilian etxerako bidean» Arabako itzulia burutuko da
Ibilian ibilian etxerako bidean, hori da, udaran antolatu ditugun manifestazioen leloa, eta baita hemen Gasteizen bihar ere arratsaldeko 18:30etan Bilbo Plazatik. Ibilian ibilian, presoen etxeratze prozesua martxan dagoelako, hiru elkartasun urrats irudikatuko ditugu bihar Gasteizko kaleetan zehar.
Atzean utzi ditugu urrunduen dauden kartzelak, lehen graduak edo isolamendua, eta honek fase zahar baten itxiera ekarri du, baina berri baten irekiera ere, eta fase berri honetan, bide luzea dugu egiteko denon artean.
Hamaika oztopo dituzte oraindik euskal presoak, legeak dioen ibilbideari ekiteko. Salbuespenezko neurri asko oraindik indarrean daude, eta guk, eta euskal jendartearen gehiengoaren nahiak bezela, neurri guzti hauek bertan behera geratzea nahi dugu. Salbuespenezko espetxe politika atzean utzi, eta lege arrunta aplikatzeko garaia da.
Ibilian ibilian jarraitu behar dugu, oraindik soilik presoen %33ª dagoelako Euskal Herriko espetxeetan, eta guztiak egon behar direlako. Gehiengoa oraindik 2. graduan dago, nahiz eta legeak esku artean izanda, 3. graduan, baimenekin edota baldintzapeko askatasunean egon beharko lirateke.
Beraz, hemendik, arabar guztioi biharko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, etxerako bidea azkartu eta bururaino eramateko kalean jarraitu behar dugulako.
Eta gaurkoan ere, urrian egingo dugun beste ekimen baten berri eman nahi dizuegu. Urriaren 7tik 9ra Araba zeharkatuko duen martxa bat egingo dugu, Arabako itzulia alegia. Agurainetik hasi eta hiru egunetan zehar, Arabako herri ezberdinetatik pasako gara gure aldarriak lau haizeetara zabalduz eta urratsez urrats presoen etxeratzea aldarrikatuz. Kanpezu, Bernedo, Trebiñu, Zaballako espetxea, Izarra, Amurrio eta Murgia izango dira besteak beste zeharkatuko ditugun herriak. Elkartasunez beteriko 185 kilometro izango dira, eta ekimena Gasteizen amaituko da urriaren 9an. Ibilian ibilian preso guztiak etxera ekartzeko garaia heldu delako. Beraz, data horiek gorde.
Pozik egon gaitezke eta bagaude, aurtengo urtea positiboa izan delako bai, baina ezin gara horretan geratu, lanean jarraitu behar dugu denak etxean izan arte.