Sopelatik Mundakara Bizikleta Itzuliaren 2. etapa amaitu da

Sopelatik Mundakara Bizikleta Itzuliaren 2. etapa amaitu da

Aupa zuek! Ongi etorri guztioi Mundakara! Bizikleta itzuliko bigarren etapa amaitu dugu eta ederki joan da gainera.

Atzo, Garesetik Oionera dozenaka lagun bildu zineten eta gaur ere beste hainbeste batu gara, beste 43km batuz ibilbideari. Ez da etapa bereziki luzea izan gaurkoa, baina ezta errazena ere beraz zorionak!

Aurtengo bizikleta itzulia Ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan kokatu dugu. Duela gutxi aurkeztutako kanpaina honekin, Sarek, aurten eman diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia “etxerako bidea” gauzatzean kokatuko duela azaldu genuen; hau da, urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta, legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak ematean, hain zuzen ere.

Elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi delako. Horretarako baldintzak daude eta, guztion ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu.

Horregatik, aurtengo bizikleta itzulian horixe da gure aldarri nagusia; etxerako bide horretan pedalkadaz-pedalkada kilometroak batzen ari gara!

Jarrai dezagun!