DEMAGUN · iritzi artikulua

DEMAGUN · iritzi artikulua

Demagun: urtarrilaren zazpian hamar mila pertsona Bilbon. Desastrea. Porrota. Katastrofea. Norena? Sarerena. Presoena. Kolektiboarena. Alderdiena. Sindikatuena. Jendartearena. Eurenak ere ez dituzte maite. Ahaztu dituzte. Ez zaie axola. Gizarteak, orain, indiferentziara kondenatu ditu, bakardadera. Bizkarra eman die. Kartzela politikaren arrakasta. Legearen irmotasuna. Espainiako demokraziaren osasuna. Legearen inperioa.

Okerragoak ere irakurri eta entzun beharko genituzke komunikabidetan, sare sozialetan.

Demagun: urtarrilaren zazpian berrehun mila pertsonek Bilbo kolapsatu dute. Isiltasuna nagusiko litzateke, baina arrakastaren oihartzuna ziegetara ez ezik, bulego askotara iritsiko zen, telefono asko dantzaraziko zituen, ateak ireki, erabaki asko erraztu, harrarazi, presoen aldekoak. Zailagoa litzaieke hirugarren graduak errefusatzea, gradu progresioak erraztuko lituzke, baimenak, askatasunak.

Hipotesiak besterik ez. Zehatzagoak behar ditu Bilbora joan edo ez pentsatzen ari denak. Lehentasunen artean urteroko zita kokatzen lanak ditugunok ere bai. Batzuetan errazago zait negatiboan pentsatzea, ez egitea zer den, Bilbora ez joatea zer den: presoen eskubideak ez zaizkidala inporta, presoen egoera hobetzeak kezkatzen ez nauela, presoak espetxean jarrai dezaten bigarren, hirugarren mailako kontua dela, presoen egoera okertzeak garrantzirik ez duela.

Hotzikara.

Nahiago dut pentsatu presoen erabakiak babesten ditudala, presoak kalera ateratzeko martxan dagoen bidearen alde egiten dudala, dispertsioarekin amaitu duen praktika politikoa babesten dudala, presoen bizi baldintzak axola zaizkidala, legezkoa izateaz gain, justiziazkoa ere ba- dela presoak etxean egon daitezen ahalegintzea.

Ahaleginaren tamainak ezezkoa zailtzen dit. Ahaleginaren nolakotasunak elkarrekin jardutearen garrantzia gogorarazten. Ez dago norberaren neurriko borrokarik, nire moduko iraultzarik. Zerbait lortzekotan, beste batzuekin, beste askorekin aritu behar. Gustukoak izan ala ez. Ahaleginak berak erakusten ezer gutxirako balio duela norberaren baitan gelditzen den aldekotasuna.

Praktikoa izatea, hoberena. Zehatza. Dispertsioarekin bukatu da. Dute. Duzue. Dugu. Dut. Baldintza olatua gertatu behar izan du horretarako. Egia da. Bat, garrantzitsuena, ez dakit berez hala den, nire ustez bai, niretzat bai, nik eragin dezakedana delako: kalean jendea presoen alde egotea, ehunka mobilizazio txiki, gutxi batzuk kolosalak. Beharrezkoak denak. Olatua aprobetxatu behar bidean aurrera egiteko, sakabanaketarekin amaitu eta etxerako bidea egiteko.

Nahikari Iturbe, Mikel Mundiñano, Inaxio Oiarzabal, Aitor Lexartza, Jon Marauri (Sare Herritarreko kideak)