UZTAILAK 4 ETXERA KALEJIRA IRUÑEA

UZTAILAK 4 ETXERA KALEJIRA IRUÑEA

Arratsalde on, eta eskerrik asko gaurko ekimen honetara bertaratu zareten guztioi!

Bertan ditugu San Ferminak. Gure Iruñea berriz ere munduko hiriburu bihurtzen den garaia. Festa, musika eta dantza egunak, topak egiteko eta milaka unetxo edo momentico bizitzeko egunak. Elkartzeko, besarkatzeko egunak, Iruñea mundura irekitzeko eta munduak bere buruari Iruñean begiratzeko egunak.

Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko eta, jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen.

Baina ez dugu ahaztu behar, ez aspaldi, euskal presoen bakartze ziegak ez zirela salbuespen, araua baizik. Ez dugu ahaztu behar senitartekoek eta lagunek ehunka kilometroko bidaiak egin behar zituztela presoak ikusteko. Ez dugu ahaztu behar preso horien zigorrak espetxeetako lehen graduan betetzen zirela ia osorik, baldintzarik gogorrenetan.

Orain, presoetako asko modu egokian ari dira bizitza sozialean integratzeko espetxe ibilbidea egiten. Eta horretan ari dira, Euskal Herriko gizartearen gehiengoa alde dutela.

Hortaz, gaurko egoera oso desberdina da. Euskal Herriko espetxetan daude, baina ez ditugu hona ekarri espetxean segitzeko. Etapa bat bete dugu. Bukaera puntua jarri diogu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketari, baina orain beste etapa batean gaude, azken etapan: KONPONBIDE OSOA ETA ETXERA!

Garaia da beraz, bukaera emateko euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei. Garaia da etxerako bidean bultzada bat emateko oraindik erbestean edo deportazioan daudenei. Garaia da herri honetan eman diren sufrimendu guztien aitortza egiteko. Konponbideak, osoa izateko, ez du inor atzean utzi behar. Herri honek behar du konponbide oso bat etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun gizartea guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izateko.

Horregatik, eta aste honetan bertan bi sarekidek iritzi artikulu batean ondo azaltzen zuten bezala, markoa, erritua, liturgia apurtzeko unea iritsi da. Peñen pankartetan barrote-marrazkirik gabeko sanferminak nahi ditugu, oinarrizko eskubideen aldarrikapenei lotutako momentikorik gabeak, gezi-pegata konbergenterik gabeak, ez dagoen lagunarentzat diru bilketarik gabekoak. Preso, erbesteraturik edo deportaturik gabeko sanferminak nahi ditugu. Guztiok elkarrekin topa egin, dantzatu, abestu eta barre egiteko moduko sanferminak. Eta ez. Hau ez da eguzkitan topa egitea. Horretarako, salbuespen-neurriak desaktibatu beharko lirateke, eta presoak gizarteratzeari buruz indarrean dagoen legeria modu proaktiboan aplikatu. Presoak egiten ari diren ber-gizarteratze ibilbideei oztoporik jarri gabe. Legea bizikidetzan aurrera egiteko erabiliz edo eta irizpide tekniko-profesionalak aurreiritzi politikoen gainetik jarriz.

Beraz, festa paregabeak izango dira, denak etxean daudenean… Bitartean, Etxeratetik eta Saretik lanean jarraituko dugu hala izan dadin. Gonbitea luzatzen dizuegu San Fermin hauetan Etxera-ren aldarrikapena festaren txoko guztietara eraman dezazuen.

Ongi pasa festak, eskerrik asko eta animo denoi!
Preso, iheslari eta deportatuak SAN FERMINETARA!