Hamar urte elkarbizitzaren eta konponbideen bila

Hamar urte elkarbizitzaren eta konponbideen bila

Hamar urte. Hamar urte gutxi dira gertaera politiko eta sozialen abiada bizian murgilduta gaudenontzat; eta asko dira, ordea, bizitza baldintzatzen dieten arazoetarako konponbideen zain daudenentzat. Are gehiago baldintza horiek giza eskubideak urratzen badituzte.

Orain dela hamar urte, hain justu, gaur hemen gaudenetako asko elkartu ginen, San Telmo plaza honetantxe, abiatzeko prest, ilusioz eta esperantzaz beteak. Gaur, hamar urteren ondoren, zorionez, hasiera hartan baino gehiago eta jatorriko askotarikoak gara hemen gaudenok. Ongi etorri denok.

Hortaz, gure aurreneko hitzak zuen lana eskertzekoak izan daitezen nahi dugu; izan ere, egia bada ere gizarteak bere jardunaz ahalbidetzen duela helburuak lortzea, zuen lana ere funtsezkoa da, dinamizatzeko eta ekimenak proposatzeko lana, eta hari esker esan dezakegu gaur aurrera egin dugula eta bidearen azken tartean gaudela.

Lan honi ekin genionean, esperantza genuen hastera zihoan abenturaren iraupena iragan diren 10 urteak baino laburragoa izango zela. Espero genuen ETAk jarduera armatuari uzteko erabakiari beste batzuen urratsek erantzungo ziotela sufrimendu eta konfrontazio urteak atzean uzteko helburuarekin.

Hamar urte hauetan agertoki aldakor baten lekuko izan gara. Hauteskundeak ere izan dira, eta haien emaitzek gobernu aldaketak ekarri dituzte, ideologia desberdinetakoak.

Egonkortasun eta aurrerapen garaien atzetik, krispazio handiagoa eta konponbiderako prozesuaren moteltzea ekarri duten beste batzuk etorri dira.

Esan genezake krispazio eta blokeo egoeren arrazoi nagusietako bat izan dela, batetik, jada desagertua den indarkeriaren aipamena erabiltzea aldarrikapen politiko partidistetan eta, bestetik, biktimen oinazea asmo politiko partidistarekin baliatzea.

Konponbiderako giltzak esaten dugunean, esan nahi dugu euskal gizarteak erabaki behar duela, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, euskal presoek noiz eta nola itzuli behar duten etxera.

Horregatik, espetxeen arloko euskal administrazioari eskatzen diogu arduraz segi dezala preso horiek gizarteratzeko bidea zabaltzen, eta, horrekin batera, denon artean segi dezagun bultzatzen indarkeria guztien biktimei babesa eta erreparazioa emateko dinamikak. Modu bakarra da denok irabazle izateko. Elkarbizitzak irabazteko. Eta gizarte osoak irabazteko.

Baina gaur, sortu eta hamar urtera, ez gaude hemen erreibindikatzeko soilik. Ez. Lortutakoaren balioa nabarmentzeko garaia da. Honaino egin dugun bidea.

Ez dugu ahaztu behar ezen, ez aspaldi, euskal presoak bakartzeko ziegak ez zirela salbuespen, araua baizik. Ez dugu ahaztu behar senitartekoek eta lagunek ehunka kilometroko bidaiak egin behar zituztela presoak ikusteko. Ez dugu ahaztu behar preso horien zigorrak espetxeetako lehen graduan betetzen zirela ia osorik.

Gaurko egoera oso desberdina da duela hamar urtekoaren aldean. Etapa bat bete dugu. Bukaera puntua jarri diogu 34 urte luze iraun duten urruntze politikek eragindako eskubide urraketari, eta orain beste etapa batean gaude: motzagoa izango da, ziur, eta oztopoak izango ditu, baina prest gaude haiei aurre egiteko.

Orain, presoetako asko modu egokian ari dira bizitza sozialean integratzeko espetxe ibilbidea egiten. Eta horretan ari dira, Euskal Herriko gizartearen gehiengoa alde dutela, bai eta biktima asko eta askoren onarpena ere, eta eskertu behar diegu elkarbizitzari egin eta egiten dioten ekarpena.

Ez dugu geure burua engainatzen, halere. Badakigu judikaturan, politikan eta hedabide batzuetan zenbait sektore aurrerapauso horien kontra daudela.

Argi eta garbi esan nahi diegu, ordea, ez garela isilduko bidegabekeria hori ikusita, euskal gizartearentzat onura ekarri behar duen prozesu batek aurrera egiteari betoa edo blokeoa jartzeko ahalmena bere gain hartzean egiten dutena.

Haien togak ematen dien boterea izango dute, baina gure helburuek euskal gizartearen zati handi baten babesa dute. Horixe da gure indarra bidegabekerien aurrean.

Garaia da bukaera emateko euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei. Indarrean mantentzen dituzten legeak beste garai batean onartu ziren, eta oraingoak ez du zerikusirik ordukoarekin.

Eskubideak urratzen segitzen dute Frantziako espetxeetan betetako denbora kontuan hartzen ez denean presoak estraditatu eta Espainiako Estatuko kartzeletan zigorra betetzen hasten direnean.

Pertsona horien bizitza ezin da hemendik 400 kilometro baino gehiagora dauden justizia auzitegien esku egon. Garaia da eskumen hori gertuko epaitegien eskumenean uzteko. Iruñean edo Bilbon, baina gertu.

Lehen gogorarazi dugunez, iazko urriaz geroztik KONPONBIDERAKO GILTZAK dinamika izan dugu lagun, eta bidean aurrera segituko dugu, oso kontuan hartuta euskal gizarteak bere eskuetan behar dituela KONPONBIDEAREN giltzak, erakunde politiko eta judizialen bitartez.

Oinarrizko eskubideen garaia da. Letra larriz idatzitako politikaren garaia da. Garaia da judikatura jabetu dadin, giza eskubideen bermatzailea den aldetik, bere eginkizuna ez dela eskubideak urratzea, defendatzea baizik.

Zuzenbidearen eta giza eskubideen garaia da.

Garaia da euskal gizarteak ematen digun ikasgaia ikas dezaten eta ikas dezagun, fase eraikitzaile batean baitago, eta eredu izan behar baitu iraganean kateaturik gelditu direnentzat. Letra larriz idatzitako BAKEAZ eta ELKARBIZITZAZ hitz egiteko garaia da.

Zuzenbidea ezin da erabili kartzelan daudenei galarazteko haien espetxe egoera alda dezaten. Eskubideak urratzen dituen gotortze judizialak ez du ezertan laguntzen inoren mina arintzen. Aitzitik, ez dago biktimentzako ordain egokirik, zuzenbidean ez bada.

Ezin da herrialde bat eraiki pertsonen eskubideei bizkar emanda, gure historiako aro tragiko bat gaitz osatzea ekarriko lukeelako. Presoen eskubideez kezkatu behar dugu gizarte gisa, gure herrian gertatu diren indarkeria guztien biktima guztien eskubideez kezkatu eta arduratu behar dugun hein berean.

Biktimek eta presoek eskubidea dute entzun eta errespetatu ditzagun eta haien eskubideak bete daitezen; finean, benetan gauza dadin hiruko hau: egia, justizia eta erreparazioa.

Eta, une honetan, ez dugu ahaztu nahi beharrezkoa dela etxerako bidean bultzada bat ematea oraindik erbestean edo deportazioan daudenei. Konponbideak, osoa izateko, ez du inor atzean utzi behar.

Hala da: denon artean egin ezean, ez da egingo. Denok dugu erantzukizun bat: etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun gizartea guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izatea.

Oso deialdi berezia egiten diogu honekin gizarte zibilari, segi dezan babesten SARE Herritarraren lana. Denon artean irekiko ditugu bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak.