SARE HERRITARRA BALANTZEA 2023/2024

SARE HERRITARRA BALANTZEA 2023/2024

Duela urte batzuetatik hona, SARE Herritarrak abuztuan agerraldi bat egin ohi du presoen egoeraren berri emateko, zehazki ETAkoak izateagatik edo hari laguntzeagatik espetxean daudenak. Erakunde hori duela sei urte baino gehiago desagertu bazen ere, haren izena erabiltzen segitzen dute konfrontazio sozial eta politikorako komodin gisa. Baina aurrerago hitz egingo dugu horretaz.

DATUAK

Lehenik eta behin, datu batzuk emango ditugu presoen gaur egungo kopuruari buruz.

  • 148 preso
    • Gizonak: 126
    • Emakumeak: 22
  • EHko espetxeetan (EAE eta NFK): 142
  • Frantziako Estatuko espetxeetan: 6

Bigarrenik, preso hauei ezartzen zaie espetxe politikaren bilakaeraz hitz egiteko, 2023ko abuztutik 2024ko abuztura bitarteko aldia hartuko dugu, eta batik bat aldi horretan EAEko Justizia Sailburuordetzak presoen sailkapenaren eta haien gradu progresioen arloan hartutako erabakiak aztertuko ditugu.

Aldi horretan, espetxeetako tratamendu batzordeek 34 kasutan egin dio hirugarren gradura pasatzeko proposamena Espetxeetako Euskal Administrazio Zentralari. 2 kasutan izan ezik, Eusko Jaurlaritzak onartu egin ditu proposamen horiek eta hirugarren gradura pasatzeko ebazpena eman du. Beraz, onartu diren hirugarren graduak 32 izan dira guztira.

Preso horietako batzuen kasuan, hirugarren gradura pasatzeko proposamen bat baino gehiago egin direnez, kopuru absolututan, hirugarren gradura pasatzeko proposamenak jaso dituzten presoak 32 baino gutxiago dira.

Fiskaltzak progresio horietako 6ren kontrako errekurtsoa aurkeztu du (kasuen % 16), emaitza hauekin:

  • Kasu horietako 5etan, errekurtsoa jartzeak hirugarren gradua bertan behera gelditzea ekarri zuen, eta presoak berehala —4 edo 5 egun— itzuli ziren kartzelara behin-behinean, Espetxeetako Zaintza Batzorde Nagusiak iritzia eman arte.
  • Kasu batean, hirugarren gradua ez zen bertan behera gelditu, Fiskaltzak ez baitzuen hala eskatu errekurtsoan.
  • Errekurritutako 6 kasuetan, 4 errekurtso onartu ditu Espetxeetako Zaintza Batzorde Nagusiak, eta, hortaz, 4 kasu horietan presoei errebokatu egin zaie onartutako hirugarren gradua eta kartzelan segitu dute preso.
  • Bosgarren kasuan, hirugarren graduan etenik gertatu ez zen horretan, Espetxeetako Zaintza Batzordea Nagusiak ez zuen iritzirik eman, handik gutxira —hirugarren gradua onartu eta 7 egunera— bukatu baitzen 30 urteko zigorra.
  • Seigarren kasuan, Fiskaltzak apirilean aurkeztu zuen errekurtsoa, eta Espetxeetako Zaintza Batzorde Nagusiak ebatzi zain dago. Bitartean, presoak kartzelan jarraitzen du.

Hirugarren gradura pasatzeko proposamenei buruzko atal honetan, nabarmendu nahi dugu espetxeetako profesionalek, hots, talde teknikoek egiten dutela gradu progresioaren proposamena, eta ondoren espetxeko tratamendu batzordeak berretsi behar duela. Eusko Jaurlaritzak proposamena berretsi edo ezetsi egiten du, besterik gabe. Beraz, ez da erabaki politiko bat, espetxeetako profesionalek (psikologoak, hezitzaileak, gizarte langileak, juristak, etab.) hartutako erabaki bat baizik, beraiek ezagutzen baitute inork baino hobeki presoek kartzelan duten bilakaera.

Gure ustez, presoen sailkapenaren gai honetan, oraindik urruti dago espetxeetako normalizazioa, ikusita ehun preso baino gehiago egon litezkeela jada erdi askatasuneko erregimenean edo baldintzapeko askatasunean, bete duten zigorraren denbora kontuan hartuta, beste lege-baldintzak ere betetzen direlako kasu guztietan.

Horrenbestez, hirugarren graduko progresioak, bai azken urtean bai eskumena aldatu zenetik igaro diren 3 urteetan, oso mugatuak izan dira, eta ez da aukerarik eman preso kopuru esanguratsu bat hirugarren gradura pasatzeko.


Balorazio negatiboa egiten dugu, halaber, adineko presoak hirugarren gradura pasatzeko proposamenen inguruan, ez baita halakorik izan. 70 urtetik gorako zenbait preso daude, eta legeek berariaz ezarria dute adin horretan hirugarren gradura dagokiena baino lehenago pasatzeko aukera; preso horiek guztiek 20 urte bete dituzte kartzelan, behin ere atera gabe, eta haien osasun egoera ahula da, adinekoak baitira, oso larria izan gabe. Era berean, ez da bide egokirik ezarri espetxetik ateratzen joan daitezen 65 urte baino gehiago eta osasun egoera kaxkarra duten presoak. Horrelako ezaugarriak dituzten pertsonek ez lukete inola ere kartzelan egon beharko.

Hirugarren graduko progresioekin batera, aipagarria da Espetxe Erregelamenduaren 100.2 artikulua aplikatu zaiela 20 presori aztertzen ari garen aldian. Artikulu horrek errazten du presoei hirugarren gradua ezartzea, aukera ematen dielako egunez espetxetik ateratzea boluntario lanak, prestakuntza edo lan ordainduak egitera eta, horrela, erabat gizarteratzeko trebatzen joan daitezke. Zigorrak betetzeko bide hori legean jasota eta epaileek onartuta dago.

Gai horretaz esan beharra dago Eusko Jaurlaritzaren jarrera aldatzen joan dela 100.2 artikuluaren aplikazioari dagokionez eta, zorionez, gainditu duela hasierako jarrera, uzkur eta mugatu samarra izan baitzen: 2023ko irailean oso ordutegi laburrekin erabili zen, soilik boluntario edo prestakuntza lanetarako. Geroago, ordea, zabaldu dira artikuluaren aplikazioaren xede izan daitezkeen jarduera motak, eta gaur egun espetxetik kanpo ematen duten denbora horretan presoek enpresetan lan egin dezakete, eta hasierako ordutegi murritz haren tokian ordutegi zabalagoak ezarri dira.

Espetxeen arloko euskal administrazioak badaki zein den gure iritzia gai honetan, baina errepikatu behar dugu 100.2 artikuluaren aplikazioa baliatu behar dela beste eginkizun batzuetarako ere, batez ere familia kontziliaziorako eta harreman sozial eta familiarrak berregiten laguntzeko, hainbeste urte preso eman ondoren beharrezkoa baita.

 

ONDORIO BATZUK ESPETXEETAKO EGOERAREN BILAKAERAZ

Eusko Jaurlaritzak eskumena bereganatu zuenetik —2021eko urria— saileko arduradun politikoa aldatu arte —2024ko ekaina—, espetxeetako zuzendaritzan egin duen lanaz esan behar dugu argi-ilunak daudela, kudeaketa politiko guztietan ohikoa denez.

Espetxeetako politika normalizatua aplikatzeko aurrerapausoak egin dira, motel bada ere. Behar dena baino ausardia gutxiagorekin, baina aurrera egin da.

Aurreko atalean azaldu dugu zein den gure balorazioa espetxe politikaz gradu progresioei eta presoen sailkapenari dagokienez. Balorazio horren gai nagusia hirugarren graduko progresioak dira, hori baita urrats erabakigarriena presoen gizarteratzeko prozesuak bultzatzeko.

Beste tresna batzuk, bi eguneko baimen arruntak adibidez, EAEko Administrazioaren eskumen esklusiboa baita, mugatuta aplikatu dira, eta gure iritziz funtsezkoak dira presoak gizarteratzerako. Helburua benetan baldin bada beste espetxe eredu bat lortzea, non erregimen irekia —hirugarren gradua— zigorrak betetzeko ohiko modua edo modu normala den, lege erregulazioaren arabera betiere; uste dugu bi eguneko baimen arrunt horiek ematean legea modu mugatuan aplikatu dela, baimenak onartzeko eskatu delako zigorraren erdia beteta izatea, eta hori legean ezarritakoa baino gehiago da (legeak aukera ematen du baimenen erregimenean sartzea zigorraren laurden bat beteta dagoenean). Irizpide murriztaile hori ez da hain zorrotz aplikatzen beste arrazoi batzuengatik preso daudenekin.

Zaila da ulertzea azaldutako guztia, aipatu ditugun presoek urte asko bete dituztelako kartzelan eta duela sei urte baino gehiago desagertu zen erakunde bateko kideak izan direlako. Horrez gain, indarkeria duela 13 urte baino gehiago bukatu zen. Eta, kasu askotan, preso hauen zigorra eragin zuten gertaerak aurreko mendeko 90ko hamarkadan gertatu ziren.

Alde horretatik, berriz esan behar da egun desagertuta dagoen ETA erakundeko kide diren presoen artean ez dagoela erreintzidentzia kasurik, ez beren zigorra lehen edo bigarren graduan, kalera behin ere atera gabe, osorik bete ondoren aske gelditu zirenen artean ez zigorra erdi askatasunean edo baldintzapeko askatasunean betetzen joan direnen artean.

Azkenik, atal honetan adierazi nahi dugu SARE Herritarraren eta berriki jarduera bukatu duen Justizia Sailaren arteko harremanak positiboak eta normalizatuak izan direla. Eta entzun egin digute, gure eskaerek erantzun positiborik izan ez badute ere. Beti iruditu zaigu gurea bezalako elkarteek arlo politikoan lan egiten dugun arren ez dugula arlo hori guretzat nahi. Nolanahi ere, leialtasunez jokatu dugu beti. Gure solaskide izan direnei eskerrak eman nahi dizkiegu.

 

ONDORIO BATZUK ARLO JUDIZIALEAN

Fiskaltzak aldi horretan aurkeztutako errekurtsoen kopurua murriztu egin da iazkoarekin alderatuta, baina oraindik ehuneko hori oso urrun dago Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoen % 3tik, desagertutako ETAko presoekin loturarik ez duten kasuetan.

 

ONDORIO BATZUK SALBUESPENEKO LEGEEN ARLOAN

Joan zen maiatzean sei urte bete ziren ETA desegin zenetik. Lehenago, 2011ko urriaren 20an, erakundeak jarduera armatuari utzi zion.

Erabaki haiek maila politiko nahiz sozialean elkar ulertzeko esparru berrietarako aukera eman zuten arren, deitoragarria iruditzen zaigu Estatuko zenbait instituzio, hedabide eta indar politikok uko egitea egoera berria onartzeari, are gehiago gizarteak, bertakoak nahiz kanpokoak, pozez hartu zituela jakinda.

Oso desberdinak dira euskal gizarteak gaur egun bizi duen garaia eta lege horiek onartu zirenekoa, eta lege horiei eustea oztopo handia da espetxe arloko legeria arrunta aplikatzeko.

Salbuespeneko lege horiek zigor zuzenbide hutseko gaiei ez ezik zigorra betetzearekin lotutako gaiei ere eragiten diete, eta espetxe arloko zuzenbidean aurreratuagoak diren pertzepzioen kontrako irizpideak inposatzen dituzte. Esate baterako, zigorrak oso-osorik betetzea, edo Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan betetako zigorrak kontuan ez hartzea. Horren justifikazioa izan zen orduan “terrorismoaren aurkako borrokak behartuta” egiten zela eta Zuzenbide Estatuaren defentsa bera, baina estatu demokratiko batean zigorrek izan beharreko logika integratzailearen eta osatzailearen aurkakoa da hori. Egoera hura gainditu ondoren, zer alegatu daiteke gaur egun, indarkeriarik eta mehatxurik ez dagoenean, hala ere berdin jarraitzeko? Eskuin politikoak eta judizialak boterea eskuratzeko lehian etekin politikoak lortzeko gogoa, besterik ez, eta horren ondorioa da ekitatearen justiziaren tokian mendekua eta errebantxa ageri direla.

Ezin da zuzenbidea erabili espetxean dauden pertsonen egoera aldatzea eragozteko. Gotortze judizial horrek eskubideak urratzen ditu eta ez du batere laguntzen inoren mina arintzen. Aitzitik, ez dago biktimentzako benetako ordainik zuzenbidean ez bada.

Horregatik guztiagatik, salbuespen horien amaiera exijitzen dugu, mehatxuak argudiatzerik ez dagoen garai honetan, justizia arruntaren bitarteko integratzaile eta humanistei bidea irekitzeko.

Ezin da herrialderik eraiki pertsonen eskubideei muzin eginez, zeren, hala eginez gero, ez dugu behar den bezala itxiko gure historiako etapa tragiko bat. Gure gizartea arduratu behar da preso daudenen eskubideez eta, hein berean, arduratu behar da jasandako indarkerien biktima guztien eskubideez, eta horiek aintzat hartu behar ditu.

 

SARE ETA ESPETXE ARLOKO EUSKAL ADMINISTRAZIO BERRIA

1. 2024an egin diren hauteskunde autonomikoen ondorioz, Administrazioaren egitura berregin da, eta orain espetxe arloko euskal administrazioa Justizia Sailburuordetzaren mende dago, eta beste talde politiko baten eskuetan, beraz.

2. Gure ustez, sailburuordetza horrek bere lana betetzeko baldintza hobeak ditu orain 2021ean baino, orduan, espetxe arloko eskumena garatzen hasi zenean, une zailak baitziren: Covid19 pandemiaren ondorioak zeuden oraindik, agerikoa zen espetxeetako langileen plantilla, Espetxeetako Idazkaritza Nagusitik eskualdatua, ez zela nahikoa; instalazio materialetan inbertsioak egin beharra zegoen. Horrekin alderatuta, gaur egun azpiegitura hobetu da, plantilla osatu da lan-poltsetako langileak kontratatuta, eta Espetxeetako Euskal Ereduaren bereizgarri izan nahi duten zenbait neurri ezarri dira jada.

3. Espero dugu sailburuordetzako arduradun berriek sakonduko dutela espetxeetako euskal eredu hori aurrera eramaten, izan ere, gogoratu behar da eredu hori ez dela alderdi baten hautua, euskal gizarte osoaren apustu bat baizik, Eusko Legebiltzarrak berretsi zuena.

4. Horretarako, orokorrean, beharrezkoa da abiapuntutzat hartzea honakoak:

  • Lanpostuen zerrenda diseinatu eta onartzea ahal bezain laster, beharren araberako plantillaren lan baldintzak egonkortuta.
  • Urteko aurrekontu zuzkidura egokia. Ezin da espetxeetako euskal eredua lortu horretarako gastu arrunten eta inbertsioen politika nahikoa ez bada.

5. Aipatu ditugun presoei dagokienez, arduradun berriengandik espero dugu, normala den bezala, iraganean ere exijitu duguna: pertsona horiei espetxe politika arrunta aplikatzea, pribilegiorik, salbuespenik, diskriminaziorik eta irizpide partikularrik gabea. Gainerako presoek jasotzen duten tratu bera, haiekin erabiltzen diren irizpide berberak.

6. Bereziki espero dugu, hala behar duelako, gure ustez:

  • Espetxeetako profesionalen lana errespetatzea eta, hortaz, haien proposamenak onartzea.
  • Jarrera proaktiboa izatea —legeak ezartzen dituen mugen barruan betiere— salbuespen legeek ezarritako mugen aurrean, eta sormenezko irtenbideak bilatzea zenbait preso gizarteratzeari aurka egiten dioten eta aspalditik derogatuta egon beharko luketen legeen aurrean.
  • Pertsona horiei aplikatzen zaien espetxe politikarekiko jarreran detektatu eta azaldu ditugun mugak, zalantzazko jarrerak, aurreiritziak gainditzea.
  • Finean, pertsona horiei espetxe politika arrunta aplikatzea, espetxeetako euskal ereduaren bereizgarri bihurtu nahi dena.

7. Bukatzeko, jarrera irekia espero dugu haiengandik, herri mugimenduekin, hirugarren sektoreko eragileekin eta espetxeen arloko gaiekin lotutako erakundeekin interakzioa errazteko, denen ekarpenekin aurrera egin ahal izateko.