Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hirugarren graduei aplikatzen dien etengabeko blokeoa salatzeko salatzeko ehundaka lagun batu dira gaur arratsaldean Durangon
Aurrera goaz, bai. Baina, beste batzuetan, atzera goaz edo atzera egitera behartzen gaituzte. Bagenekien, eta askotan esan dugu, duela zortzi urte abiarazi genuen bidea prozesu konplexua zela, zailtasun ugarikoa, baina, hala ere, ez dugu etsi gure helburuak lortzeko bidean.
Eta arrazoia dugula uste dugunez, helburu justuak eta legitimoak defendatzen ari garela uste dugunez, eta, gainera, euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen eskubideak urratzeari utzi behar zaiola aldarrikatzen duela ikusten dugunez, indartuta sentitzen gara gure bidean aurrera egiteko.
Alderdi politikoen, sindikatuen eta erakunde sozialen ahaleginari esker, baina, batez ere, gizarte zibilaren babesari esker, gure herrian hainbeste sufrimendu eragin duen eta eragiten ari den urruntze-politika desagertzea lortzen ari gara.
Bestalde, hilabete luzez, Espainiako estatuko sektore kontserbadore eta gogorrenak ditugu aurrez aurre. Eta ez soilik arlo politikoan; arlo judizialean ere.
Aurrean dugu bilbe juridiko-politiko oso indartsu bat, eta togak erabiltzen ari dira eskuin-mutur politikoaren postulatu politikoak defendatzen dituen ideologiaz zipriztintzeko erabaki judizialak.
Espetxean bi hamarkada, edo hiru ere, bete dituzten presoek espetxeko hirugarren gradua eta erdiaskatasuna lortu ondoren, behin eta berriro ikusten ari gara berriro espetxeratu egiten dituztela eta bigarren gradua ezartzen zaiela. Hori ez da justizia. Hori mendekua da. Eta mendekua oinarri duen politika Auzitegi Nazionaleko ateetatik sartzen denean, justiziak leihotik alde egiten du.
Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradura eta erdi-askatasunera igarotzea onartu dien 33 presoetatik 23 errekurritu ditu fiskaltzak; horietatik 6 espetxera eta bigarren graduan itzuli dira, eta 13 Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiaren zain daude. Horrela, Auzitegi Nazionalak boikota egiten die espetxeetako profesionalen erabakiei, haiek baitira presoen bilakaera ezagutzen dutenak.
Duela egun batzuk Joseba Arregi Erostarbe izan zen, baina lehenago beste 5 presori gertatu zitzaien. Arregik 30 urte eman ditu askatasunik gabe, jarraian. 76 urte ditu. Baten batek defendatu ahal du, justizia-irizpideak baliatuta, haren espetxeratzea justua dela? EZ: Mendekua da.
Horren kontra egin dugu gaur mobilizazio hau. Eta horren kontra egingo dugu urtarrilaren 7an Bilbon.
Erakuts dezagun kaleetan gero eta gehiago garela bizikidetzaren alde gaudenak. Konfrontazioaren kontra gaudenak. Bakea, bizikidetza eta konponbidea nahi dugunak.
Giza eskubideak defendatzea guztion ardura da. Ez okertu; ezin dugu pentsatu gobernuen eta estatuen ardura denik. EZ. Gobernuak eta estatuak ez dira berez mugitzen, guk mugiarazten ditugu, kaleetan baketsuki mobilizatzen garen pertsonok mugiarazten ditugu.
Hortaz, hurrengo hitzordua urtarrilaren 7an da, Bilbon. Guztion artean lortuko dugu, urruntzeari eta sakabanaketari amaiera ematea lortu dugun bezala.