“Urtarrilak 1, otsailak 2, martxoak 3… uztailak 7….” Sanferminetako eskaileraren kantuak gogoratzen du Iruñean nola bizi den, gogoz eta adi-adi, urratsez urratseko ibilbide hori, unetxoetan unetxo bereziena helmuga duena: uztailaren 6ko eguerdiko 12etan txupinazoa lehertzen den momentua. Metafora hori baliatu dezakegu irudikatzeko Euskal Herrian bultzatzen ari garen prozesua, behingoz preso politikorik gabeko herri batez gozatzeko eta konfrontazio politikoan sufrimendua eta eskubideen urraketak desagertzeko. Preso eta iheslari politikoak etxera itzultzeko prozesuak sanferminetako eskailera horren antz handia du, maila bakoitza iristeak luze jotzen duela dirudielako.

 

Lehenbizi, espetxe barruko espetxea bukatu zen, motibazio politikoko presoei orokorrean ezartzen zitzaizkien bakartze erregimenak alegia, zigorrak betetzeko beste eskubide batzuetarako aukera galarazten zutenak. Geroago, urruntze eta sakabanatze politika bukatu zen, zigor kodeak jasotzen ez zuen zigor erantsia, ondorio tamalgarriak eragin zituena presoen eta haien senitartekoen osasunean, bizi baldintzetan eta ekonomian, bai eta bizitzetan ere. Igo beharreko beste eskailera-maila bat izan da euskal administrazioek bere gain hartzea espetxe politikaren arloko eskumena. Maila horretan hanka bat airean dugu, Iruñeko espetxean Madrileko “Instituciones Penitenciarias” erakundeak gobernatu eta agintzen duelako. Honezkero pentsa liteke espetxe legeria arrunta aplikatzen zaiela preso guztiei, murrizketarik gabe, eta legean jasotako gradu progresioetarako bidea irekita dutela. Ez da erabat horrela, ordea, gorabeherak etengabeak baitira, Fiskaltzak eta akusaziorako beste entitate batzuek -ondoren epaitegiak haiekin bat etorrita- kontra egiten diotelako preso bakoitzak etxera itzultzeko egin behar duen ohiko ibilbideari. Itxura denez, baten bat txupinazoaren unea ahalik eta gehien atzeratu nahian dabil.

 

Eskailera exijente honen azken mailei heldu behar diegu orain. Europako beste estatu batzuetan betetako zigor urteak kontatzea dakarren maila gaindituta dago lege aldetik, baina benetako aplikazioa asko luzatzen ari da, eta azken mailan dugu Aznarren garaiko lege bat, 2003koa, motibazio politikoko presoentzat 40 urteko gehieneko zigorra ezarri zuena, euskal lurretan zigorrak eta gatazka politiko bortitza betirako iraunarazteko asmoarekin. Baina eskailera burura iristen ari gara. Sumatu dezakegu jada herri osoaren emozioa eta ilusioa zapia eskumuturretik askatu eta lepoan lotzeko, festaren poza bazter guztietara zabal dadin. Ikusmenean dugu HELMUGA dioen pankarta, benetan historikoa izango den helburua lortzeko gurutzatu beharreko lerroa . Eta, une honetantxe, herri honen festarako eskubidea ukatu nahi dutenen trikimailuen ondorioz azkeneko eskailera-mailak urruntzen ari direla dirudienean, inoiz baino garrantzitsuagoa da jabetu gaitezen nondik etorri den indar guztia, honaino ekarri gaituzten eskailera-mailak igotzea posible egin duena. Herriaren ahalegina izan da, jendearen erresilientziarako, antolaketarako eta mobilizaziorako gaitasuna, horrexek ahalbidetu du sortu diren oztopo guztiak gainditzea. HELMUGA ikusmenean dugu. Ezin da gehiago atzeratu festa eta poza lehertzeko unea. Herriak merezi du. Herriak espero du. Herriak behar du.

Preso, iheslari eta deportatuak etxera! GORA SANFERMINAK!

EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA!