Etxerako bidean oztoporik ez! Txetxu etxera

Etxerako bidean oztoporik ez! Txetxu etxera

Azken bi urteak garrantzitsuak izaten ari dira euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean. Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta honekin batera salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera saltoa egiteko unea dela. Aldaketa honek ordea, kontrako jarrerak ere hauspotu ditu, eta badira oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak. Aldaketa hau egia bihurtzeko, beraz, orain arte moduan, euskal presoen etxeratze bidean ezarritako oztopo bakoitza salatu eta kalera atera behar dugu.

Hala egin nahi dugu Txetxu Barriosen kasuarekin ere. Txetxuk 24 urte daramatza espetxean, egun, Zuerako espetxean aurkitzen delarik. Zigorraren 3/4ak beteak ditu, gurasoak adinekoak ditu eta Zueratik Zaballara espetxe aldaketa eskatu du. Zuerako Tratamendu Batzarrak leku aldaketa onartu arren, Auzitegi Nazionalak atzera bota du. Euskal Herrira leku aldaketa ez ezik, Txetxuri baimenetarako eskubidea ere ukatu zaio, naiz eta horretarako baldintzak betetzen dituen; bigarren graduan egotea eta 3/4ak beteak izatea. Era berean, hirugarren gradura progresiorako baldintzak betetzen ditu ere, baina ez diote horretarako aukerarik eskaini.

Txetxuk Euskal Herrian egon beharko luke, baimenekin eta hirugarren gradura igarotzeko aukerarekin, hala jasoa baitago espetxe legedian. Audientzia Nazionaletik ezarri dioten ukazioa, beste behin ere, salbuespenean eta mendekuan oinarritua dago. Egoera hau salatu, eta Txetxuk etxerako prozesua garatu dezan, Atarrabiako Sarek “etxerako bidean oztoporik ez!” lelopean dinamika berri bat martxan jarriko du, herritar orori ez ezik, herriko eragile sozial, politiko, sindikal, zein kulturalei, honekin bat egin dezaten deia luzatuz.

Denbora luzean blokeatua egon den egoera latz hau aldatzeko aukera zabaldu da. Kontrako jarrera eta oztopoen aurrean, herri honek aurrera egiteko eta elkarrekin bizitzeko nahia duela erakutsi behar dugu. Guztion ardura da salbuespenezko egoera hau atzean utzi eta etxeratze prozesua ahalbidetzea. Izan gaitezen aktibo elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean.

 

Etxerako bidean oztoporik ez!