APIRILAK 7 | OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA “Larriki gaixodauden presoak etxera”
Apirilaren 7a da gaur, Osasunaren Nazioarteko Eguna eta Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. Bi urte daramatzagu jada COVID-19aren ondoriozko egoera ezegonkor eta ezohikoa biziz. Osasunak eta osasungintzak garrantzi berezia hartu dute azken urte hauetan eta errealitate berri honek osasun baldintzek eta gaitzen artatzeak duen garrantzia erakutsi digu. Gaurko egunez, oraindik ere osasunaren arloan egiteke daudenak plazaratuko dira, eta ez dira gutxi izango. Saretik preso daudenen osasuna ere erdigunera ekarri nahi dugu.
Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urruntzeak dakarren bakardadeak, zigorraren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenak eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko ezintasunak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen dituzte. Espetxe politikaren baitan egoera aldatzen hasi den arren, oraindik ere, preso askok egoera hauei aurre egin behar diete, ahaztu gabe, gehiengoak orain arte betetako zigorraren zatia lehen graduan edota isolamenduan igaro duela.
Gaixo diren presoen kasuan gainera, oraindik ere salbuespena da preso horiek jasatzen dute neurria, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murriztuz, gertukoen babesa, bizi-baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu. Lege arruntaren aplikazioak, larriki gaixo diren presoak etxean egotea ahalbidetuko luke, euren gaitza era ahalik eta egokienean artatuz, ahal dela, berau gainditzeko helburuarekin.
Salbuespen legedia ez ezik ordea, espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak ere ezbaian jartzeko eguna da gaurkoa. Espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen.
Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.
Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan. Espetxe politikak eta espetxeak, bertan preso diren pertsonen biziaren ardura dute beregain. Eta arduraz jokatzea dagokie, heriotza ate joka izan aurretik.
Urte luzeetako aldarri den arren, gaur, Osasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, salbuespenezko espetxe politika guztiz amaitzearen garrantzia azpimarratzera gatoz eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela errepikatzera. Espetxea ere gure gizartearen zati bat da. Denoi dagokigu egoera hau aldatzea eta arduraz jokatu dadin eskatzea; bai kalean, bai eta instituzioetan ere. Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidea elkarrekin egin dezagun.
Apirilak 7ko beste deialdiak
⏰10:00 · Algorta · Bidezabal Osasun Zentroaren atarian
⏰12:00 · Eibar · Ospitalean
⏰18:30/19:30 · Ermua · Herriko Plazan (Informazio mahaia jarriko dute)
⏰19:00 · EtxarriAranatz · Plazan
⏰19:00 · Hernani · Anbulategi aurrean
⏰ 19:00 · Itsasondo · Plazan (Eskuldeko mobilizazioa)
⏰ 19:00 · Lasarte-Oria · Osasun etxearen aurrean
⏰ 20:00 · Ondarru · Alamedan
⏰ 20:00 · Romo · Gobelondo kalea
… eta Apirilak 8 de abril
⏰19:30 · Gasteiz · Burulleriaz Plazatik
⏰20:00 · Ugao · Herriko Plazan