Urtarrilak 9: 238 mobilizazio, 414 herrietako deialdiekin eta ordezkaritza politiko eta sindikal zabalenaren presentziarekin
24 ordu, Sare Herritarren deialdiaren baitan, berriro ere milaka eta milaka pertsona bilduko dituen eguna hasteko.
11:30ean Euskalduna Jauregian hasiko dugu gure jarduera. Eta inoiz izan dugun esparru politiko, sindikal eta sozialeko ordezkaritzarik zabalenak lagunduta egingo dugu.
17: 30ean, berriz, zehazki EHko 238 herritan mobilizatuko gara, baina guztira 414 herrik egin dute bat mobilizazio horiekin, hainbat herritarako deialdi bateratuak eginez.
Ez pandemia honek, ez eguraldiaren aurreikuspenek, ez dute gehiegi laguntzen, baina ziur gaude ditugun datuak ikusirik, aurten ere, milaka herritar batuko direla euskal presoen eskubideen urraketa amaitu eta EHra itzultzen hasteko deialdiaren baitan. Eta horrekin batera, bizikidetzaren eta bakearen alde.
Mobilizazio horiek guztiak osasun-agintarien argibide guztiak kontuan hartuta egingo dira, guztion segurtasuna bermatu dadin.
Gaurko agerraldi honen helburua euskal herritarrei azken deia egitea da eta, era berean, biharko azken antolaketa-datuak zuekin partekatzea.
Osasun segurtasuna dela eta, Euskaldunako ekitaldiaren aforoa 70 lagunentzat izango da. Bertaratuko diren alderdi politikoetako ordezkariak hurrengoak izango dira: EAJ; EH Bildu; Podemos Euskadi eta Nafarroa eta Geroa Bai. Bestalde, euskal sindikalgintza osoaren ordezkaritza izango da (ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT). Horiekin batera, gizarte zibileko ordezkariak egongo dira: Unibertsitate, kirol, kultura eta hainbat alorretan arituak.
Kataluniako alderdiek ere bat egin dute deialdi honekin: ERC, Junts. Eta Cup. Eta baita beste hainbat pertsona esanguratsuk ere, tartean, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiak, Puigdemont eta Torra Presidenteak; Torrent Kataluniako Parlamentuko Presidenteak; eta hainbat eragile, Omniun Cultural; ANC; Etxerat, etab.
Ekitaldian, Paul Riosek, Aieteko akordioen ondorioz indarkeriarik gabeko egoera sortzeko lanetan aritu denak eta Nekane Altzelaik, Ahotsak ordezkatuz, hartuko dute partea, ekitaldiari hasiera emanez. Ondoren Sareren hausnarketarekin eta mezuarekin amaituko dugu.
Ekitaldiaren aurretik 11.15etan, bertan dauden alderdi, sindikatu eta elkarteetako ordezkariek adierazpenak egin ahal izango dituzte prentsaurrean, urtero manifestazioaren hasieran egin ohi dugun moduan.
Arratsaldeko ekimenei dagokienez, esan moduan, 238 herrik izango dituzte deialdiak:
– 17 araban
– 74 Bizkaian
– 69 Gipuzkoan
– 78 Nafarroan
Ahaztu gabe, Baionan ere, ordu berean, mobilizatzen egongo direla.
Esan bezala, deialdi honetara 414 herri batu dira, horietako askok inguruko herriko mobilizaziora dei eginez.
Ekitaldi nagusia Bilbon izango da. 16:30ean hasiko da manifestazio batekin, Plaza Eliptikoan hasi eta 17: 30ean Udaletxean amaituko dena. Formatu anitzak erabiliko dira herri bakoitzean.
Udaletxean. Bilbon, 17: 15ean, azken adierazpenak egingo ditugu, eta 17.30etan hasiko den amaiera ekitaldian Amaia Goirigolzarri abokatuak eta iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak hartuko dute hitza.
Azkenik, alderdi, sindikatu, erakunde eta, oro har, pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu aldarrikapen hauei emandako babesa eta atxikimendua.
Beste batzuetan adierazi dugun bezala, Sarerentzat, oso garrantzitsua da desberdinen arteko adostasun eta akordioak lortzea, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika honekin amaitu eta bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko. Eta , horretarako, ezinbestekoa dela deritzogu gizarte-aktibazioa ere. Horregatik, kalera aterako gara berriro.
Ildo horretan, azken deia egin nahi diegu herritarrei, bihar 238 herri horietan egingo diren elkarretaratzeetara hurbil daitezen.
2021a konponbidearen urtea izan behar da eta guztien artean lortuko dugu.