Nafarroatik Urtarrilaren 7an Bilbora joateko deia
Agerraldi honetan, Nafarroako Etxeraten ordezkaritza bat, urrunketa politikaren biktimak diren Karmele Solagurenen senideak, Hatortxu Rock-eko ordezkaritza bat eta Sareko kideak bildu gara.
Urtarrilaren 7an, Bilboko kaleak duintasunez, bizikidetza lortzeko itxaropenez eta euskal presoei eta haien familiei eragiten dieten urraketen ondorioz giza eskubideak errespetatzeko exijentziaz beteko ditugu. Bilbo, beste behin ere, gure helburuak lortzeko falta zaigun bidea aldarrikatzeko momentu indartsua izango da.
Bi urte daramatzagu, osasun neurriak tarteko, urtarrileko Bilboko mobilizazio jendetsua gauzatu ezinik. Orain da garaia, orain! Asko baitira lortu gabe dauden helburuak, eta horien konponbidea euskal gehiengo politiko eta sindikalen bultzadaren esku dago, baina baita, funtsean, jendartearen mobilizazioaren esku ere.
Duela zazpi urte baino gehiago, SARE Herritarra sortu zenean, bagenekien gure erronkak zailak zirela. Oztopo handiei aurre egin beharko geniela, azken batean, egoera aldatu nahi ez dutenak ere bai baitira: ezer aldatu ez dela esanez tematzen direnak, ETA bizirik dagoela esaten tematzen direnak…Frantzian ala Espainian presio-taldeak ditugu parean, konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia dutenak ditugu parean. Horietako bat da Auzitegi Nazionala, izan ere, Ministerio fiskalaren bidez, etengabe blokeatzen baitu preso horien etxeratzeko bidea. Salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urrunketak, zigorren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenek eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko oztopoek, herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrera urratsak oztopatzeko asmo garbia dute.
Halere, aurrera egitea lortu dugu! Gaur, euskal presoek eta haien familiek hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude: URRUNTZE-POLITIKAREN amaieran, alegia.
Aurrera egin dugu, eta aurrera egiten segitu behar dugu, etxeratze prozesua bere amaierara eraman arte. Horretarako, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetu behar dira. Lehen bait lehen.
Une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko emakume eta gizonak modu masiboan mobilizatzea presoen etxeratze bidean jartzen ari diren oztopoak kentzeko. Ezin dugu pentsatu arazoak bulego edo instantzia judizialetan bakarrik konponduko direla. Ezinbestekoa da bulego horietara argi eta garbi iristea konponbideen eta bizikidetzaren bidean aurrera egin nahi duen gizartearen gehiengoaren borondatearen oihartzuna. Horregatik, abenduaren 30 eta 31ean herrialde osoko berrogei ta hamar herritan eginen diren konzentrazioek eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazio handiak garrantzi berezia izango dute. Urtarrilaren 7an beraz, arratsaldeko 17:00etan Autonomia kalea jendez bete eta “Etxera bidea Gertu” lemapean, manifestazioa hasiko dugu; Autonomiatik Bilboko udaletxera. Bakearen, bizikidetzaren eta preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko mezua elkarrekin aldarrikatuko dugu. Goazen elkarrekin! Lortuko dugu!