Gipuzkoako gehiego sindikalak SARErekin batera deitutako manifestazioa

Gipuzkoako gehiego sindikalak SARErekin batera deitutako manifestazioa

Gaur Donostian, Gipuzkoako gehiego sindikalak SARErekin batera deitutako manifestazioa.

Izan Bidea dinamikaren baitan, lantegietan ere haien aletxoa jarri nahi izan dute, sindikalgintzatik dinamikari.

HEMEN IRAKURRI DUTEN TESTUA:


Eguerdion eta eskerrik asko denoi gaurko mobilizazio honetara gerturatzeagatik! Dakizuen moduan, Gipuzkoako gehiengo sindikala batu gara gaur hemen, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia amaitzeko eskatu eta etxerako bidean urratsak gehitu asmoz. Izan Bidea dinamikaren baitan, lantegietan ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu, sindikalgintzatik dinamikari emandako hauspoa Gipuzkoara ere ekarriaz.

Azken urteetan zehar, Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu du. Jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak ematen ari dira norabide horretan; ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina urratsak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez. Prozesu hori bururaino eramatea eskatzen dugu, berriro ere, euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz. Horretarako herritarron aktibazioa eta baita langileriarena ezinbesteko elementua dira. Horregatik gaude gaur hemen.

Pausoz pauso, ibilian-ibilian, etxerako prozesu hori azkartu nahi dugu, eta oraindik bide luzea dugu egiteko. Oraindik ere, preso eta senide gehiegi daudelako ehundaka kilometroek bereizita, baita 18 larriki gaixo diren preso ere. Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie eta asko dira 3/4 beteak izan arren, espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere… beraz oraindik badugu lana eta salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko eskatzen jarraitu behar dugu.

Euskal presoen etxeratze prozesua abian jarri da. Berau gauzatzeko legeak ematen dituen aukera guztiak baliatu eta beharrezkoak diren neurri politiko eta administratiboak hartzea beharrezkoa delarik. Izan ere, elkarbizitzarako eraikitzeko ezinbestekoa da, besteak beste, presorik gabeko etorkizuna gaurdanik marrazten hastea, lehen lehenik, euskalherriratzea eta gradu progresioa ahalbidetuz.

Urrats hori emateko gakoetakok bat euskal presoei lanerako sarbidea ahalbidetzea da. Lanpostu bat izatea hirugarren gradura igaro ahal izateko beharrezko baldintza ere izan ohi da. Horregatik, sindikalgintzatik ere, bide hori hauspotzera gonbidatu nahi zaituztegu gaur.

Aldarrikatzen, mobilizatzen eta adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Etxerako bidea egiteko bultzada izan gaitezen.

Eskerrik asko, lortuko dugu!

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Datozen ekimenak