“Konponbiderako giltzak“ goiburua izango du datorren urtarrilaren 13an Bilbon SAREk antolatu duen manifestazioak

“Konponbiderako giltzak“ goiburua izango du datorren urtarrilaren 13an Bilbon SAREk antolatu duen manifestazioak

“Konponbiderako giltzak“ goiburua izango du datorren urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioak. Mobilizazio baketsu eta demokratiko bat izango da, eta Sareren helburua da bertan milaka pertsonak giltzak hartzea beren eskuetan, presoen etxerako bidea, konponbidea eta bizikidetza irekiko dituzten giltzak.

Beste urte batez mezu bat bidali nahi diogu euskal gizarte osoari, giza eskubideen defentsa helburutzat hartu nahi duten emakume eta gizon guztiei, edozein dela ere haien ideologia edo atxikipen politikoa.

Zeren ez baikara hizketan ari helburu politiko edo alderdikoiez. Eskubideez ari gara hizketan, eta salbuespen egoera, juridikoa eta espetxe arlokoa, bukatu beharraz. Gure herrian bizi izan ditugun indarkeria guztien biktima guztien mina errespetatzeaz. Finean, bizikidetzaz ari gara.

Helaraziko dugun mezuak dio euskal gizarteak berak hartu behar duela bere gain, instituzio politiko eta judizialekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidea diseinatzeko gaitasuna.

Baina, aldi berean, Bilbon salatuko dugu ez duela batere logikarik etengabeko konfrontazioan aritzeak, ulertezina dela iraganean pentsatutako lege eta jarrerei eustea, horrek ez duela euskal gizartearen egungo errealitatearekin inolako zerikusik.

Presoen espetxe ibilbidea ezin da oraindik erabaki bertatik 400 kilometrora. Ezin da eta ez da erabaki behar. Ez da demokratikoa, ezta logikoa ere, Auzitegi Nazionaleko epaile eta fiskalek aurka egitea behin eta berriz Euskal Herriko espetxeetako tratamendu batzordeen erabakiei eta trabatzea pertsona horiek etxera itzultzeko bidea, are gutxiago kontuan hartuta preso horietako askok 20 urte baino gehiago eman dituztela askatasunik gabe eta, kartzelan egindako denboraren arabera, eskubidea dutela baldintzapeko askatasunean edo erregimen irekian egoteko.

EAEko Fiskaltzaren 2022ko memorian jasotako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak onartutako 387 gradu-progresioetatik, fiskaltzak 10 errekurritu ditu, hau da, %2,85. Euskal presoen kasuan, ordea, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak %60 errekurritu du.

Berriz diogu sistema juridikoan eta espetxe sisteman aurreikusita daudela zigorrak betetzeko beste aukera batzuk, kartzeletako hormetatik kanpokoak, euskal presoen kasuan aplikatu behar direnak.

Bukatzeko. “Konponbiderako giltzak“ dinamikak herri eta auzoetara eramaten du gogoeta hori, alegia denok garela aurrera egiteko giltza, jarreretan gotortu gabe, hainbeste urte konfrontazioan iragan ondoren jomuga gizarte gisa irrikatzen dugun etorkizunean jarrita. Ekimenak ugaltzen joango dira urtarrilaren 13ra arte. Abenduaren 9an jendaurreko ekitaldi bat egingo dugu Durangoko Azokan kulturgileekin, aipatutako helburuarekin; eta abenduaren 20an gehiengo sindikalak bere giltzak erakutsi eta mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Beste behin ere, Sarek euskal gizartea gonbidatu nahi du urtarrilaren 13ko mobilizazioan parte hartzera. Etorkizunari ateak lehenbailehen irekitzeko, beharrezkoa da ahalegina.

HURRENGO HITZORDUAK
· Abenduak 9, Ekitaldia Kultura, Durango Landakon, 13:00
· Abenduak 20, Hego EHko Hiriburuetan gehiego sindikalaren elkarrretaratzeak
· Abenduak 23, Martuteneko Espetxetik Manifestazioa, 12:00
· Abenduak 24, Gasteiz, Ahateen Iturritik Manifestazioa, 19:00
· Abenduak 29, Nafarroan Kontzentrazio deszentralizatuak
· Abenduak 30, Basauriko Espetxetik Manifestazioa, 12:30
· Urtarrilak 13, Manifestazioa, Bilbo, La Casilla, 17:00