Basauriko espetxera manifestazioa “etxerako bidean” lelopean

Basauriko espetxera manifestazioa “etxerako bidean” lelopean

Urtero bezala, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den mobilizazioaren bezperan eta Gabonen testuinguruan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan mobilizazioak deitu ditugu. Lehena gaur, hemen, Basaurin, espetxeraino gerturatuko den manifestazio honen bitartez.

Zabaldu nahi dugun mezua argia da, “etxerako bidean”, hau da, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aldarrikapena, hori baita preso oro bizitza sozialean berriro integratzeko funtsezko oinarria. Horiek direlako etxerako bidea egiteko eman beharreko urratsak. Eta horiek ere, elkarbizitzaren bidean aurrera egin nahi badugu, ezinbestekoak diren aldaketak.

Izan ere, nahiz eta behin eta berriz ontzat jo dugun espetxe-politikari dagokionez ematen ari den aldaketa, oraindik zutik dirau urruntze-politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 80 preso daudelarik. Gradu-progresioari dagokionez, nahiz eta, praktikan, preso guztiak bigarren graduan egon (lehen graduan urteak eman ondoren), 9 bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura. Ez dugu ahaztu nahi larriki gaixo diren 19 preso daudela oraindik ere espetxean, ez eta adinez nagusiak diren presoen egoera, hala nola, motxiladun haurrena ere.

Gogoan dugu, gainera, ezarritako gradu-progresio horretan atzeraeraginezko egoera bizitzen ari garela une honetan; izan ere, Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Espetxeetako Tratamendu Junten erabakiak, eta horrek esan nahi du irteteko baimena edo baldintzapeko askatasuna duten pertsonak berriro espetxeratuak izatera behartuak direla bigarren gradura igaroz. Espetxe-politikaren aldaketan atzera urrats argia da hau, eta agerian uzten du oraindik ere, sektore batzuek ez dutela aurrera egin nahi, eta erosoago sentitzen direla iraganeko konfrontazio-egoeran. Espetxe politikak oraindik aldaketa ugari eman behar ditu, salbuespen legedia atzean utzi eta lege arruntera bidea egiteko.

Horregatik elkartu gara gaur hemen. Aurrera egiten jarraitu nahi dugulako. Bidea egiten jarraitu nahi dugulako. Izan ere, bidea egin egiten ari gara. Bidean baikaude. Etxerako bidean. Eta baita elkarbizitzarako bidean ere. Biak elkarlotuak baitoaz. Elkarbizitza ezinezkoa delako euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa hori sustatzeko, funtsezkoa delako elkarbizitzaren bidean ere urratsak ematea. Eta hori, elkarrekin baino ezin izango dugu egin. Bakoitzak bere aletxoa jarriz, erantzunkizunez eta errespetuz, eta batez ere, aurrera egiteko gogoz.

Hala egiten ari gara gaur, eta hala egingo dugu ere Urtarrilaren 8an Bilbon egingo dugun manifestazio jendetsuan. Ezin delako egoera hau gehiago luzatu. Euskal preso guztien hurbilketa berehala burutu behar da, beste atzerapenik gabe. Eman diezaiogun ongietorria 2022ari giza eskubideen urraketa honi amaiera emanaz. Jarrai dezagun bidean!