Antton Troitiño Donostiako euskal preso ohiaren heriotzaren aurrean, Etxerat eta Sareren agerraldia

Antton Troitiño Donostiako euskal preso ohiaren heriotzaren aurrean, Etxerat eta Sareren agerraldia

Gaixotasun larria zuen Antton Troitiño Donostiako euskal preso ohiaren heriotzaren aurrean, Etxerat eta Sarek une honetan besarkada handi bat helarazi nahi diegu bere senide eta lagunei.

Hamar hilabete baino ez dira igaro Antton baldintzapeko askatasunean atera zenetik; zehazki, 2021eko otsailaren 5ean utzi zuen atzean Estremerako espetxea, Madrilen. Hamar egun lehenago, bere abokatuari jakinarazi zion kimioterapia-tratamendua modu aringarrian jasotzeari uzteko erabakia hartu zuela, ezinezkoa baitzitzaion tratamendu hori egiten jarraitzea, bai maila animikoan, bai fisikoan, espetxeak horretarako dakartzan baldintza kaskarrak direla eta.

Fisikoki hondatuta egon arren, espetxeko asistentzia ezak eta baldintza txarrek larriagotutako gaixotasunak zituzten beste euskal presoen kasuan bezala, Antton Troitiño baldintzapeko askatasunean uzteko erabakia atzeratu egin zen, egoera atzeraezina izan zen arte, Antton Troitiñoren sufrimendua eta etsipena arragotuz. Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirintoaren biktima izanik, administrazioak epeak agortu zituen emandako autoak irmo deklaratu arte, espetxetik irteten utzi aurretik.

Gogora ekarri nahi dugu duela gutxi, urtebete pasatxo, 2020ko urrian, Asier Aginako Etxenagusia Durangoko presoa hil zela, 2019ko urtarrilean eten ziotelarik zigorra bere gaixotasun larriarengatik. 2019ko urtarrilean eta urte bereko urrian Oier Gómez eta Jose Angel Ochoa de Eribe preso arabarrak ere hil ziren, kartzelan izandako gaixotasun larri eta luzeen ondorioz. Ochoa de Eribe hil baino lau hilabete lehenago atera zuten espetxetik.

Ez gara nekatuko gaixo dagoen norbait behar bezala tratatu eta gaixotasuna sendatzeko azken lekua espetxea dela behin eta berriz errepikatzeaz eta euskal presoen kasuan, gainera, kondena luzeak eta baldintza gogorrak jasan beharko dituzte. Onartezina eta ankerra da presoaren osasun kritikoa espetxean egotea atzeratzen duen labirinto juridikoaren aurretik ez jartzea. Giza eskubideak errespetatuko duen espetxe sistema ezinbestekoa da. Gaixotasun larriak dituzten presoak lehenbailehen atera beharko dira espetxetik, ahalik eta lasterren artatzeko, duintasunez eta haien gertukoen babesarekin.

Euskal presoei aplikatu izan zaien salbuespeneko espetxe-politikaren krudeltasuna agerian geratzen da Anton Troitiñoren kasuan, baita gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenen egoera oso larrian ere. Gaur egun 20 dira gaixotasun larriak dituzten presoak, eta berehala irten beharko dute espetxetik.

Aurrera begiratu nahi dugu. Euskal presoen senide garen aldetik, gure sufrimenduari eusten dion mendeku irizpideei lotutako egoerarekin amaitzeko eskatu besterik ezin dugu egin. Euskal preso askok aske irteteko baldintzak betetzen dituzte. Errespetatu haien eskubideak eta ez oztopatu gehiago bide hori.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Mobilizazioak:
Testuinguru honetan, atzo, Anttonen oroimenez eta euskal presoen eskubideak errespetatze aldera, Sarek eta Etxeratek elkarretaratzea burutu genuen Intxaurrondon
Horrez gain, gaur manifestazio bat konbokatu dugu 19:00etan Donostiako Bulebarrean. Antton azkena izan dadila. Larriki dauden presoak etxera!