Etxerat eta Sarek espetxeetako blokeoa eta inkomunikazioa salatu ditugu

Etxerat eta Sarek espetxeetako blokeoa eta inkomunikazioa salatu ditugu

Espainiako espetxeek ia hilabete daramate blindatuta eta komunikazio eta lekualdatze guztiak bertan behera utzi dituzte. Espainiako beste 16 erakunderekin batera salatu dugun bezala, presoen eta haien ingurukoen eskubideen aurkako benetako erasoa suposatzen du honek.

Eskubide-urraketak, ordea, ez dira berriak, orain dela urtebete alarma-egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak.

Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz. Neurriz kanpokotzat jotzen dugu hori, kontuan hartuta barruko kutsadura-maila eta krisiari aurre egiteko modu hau tentsio handia sortzen duela; egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak duela denbora asko hartu behar zituztenean.

Presoek arrisku-taldean daude eta oraindik ere ez dituzte ezarri haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, hala nola, kalitatezko musukoak emanez; kopuru egokian, bai eta txertoa jartzeko orduan presoei ere lehentasuna emanez, funtzionarioei ematen zaien bezala. Estatu frantsesaren kasuan, premiazkoa da UVFak berriz irekitzea familia-bisitetarako, eta, espetxera iristean, senideentzat test azkar eta doakoak ere proposatzen ditugu.

Baina, batez ere, eskari hau azpimarratu nahi dugu, NBEk, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala, egoera asko hobetuko litzateke preso asko, osasunerako eta bizitzarako duten eskubideagatik, libre utziko balira:

• Estatu espainiarrean 60 euskal presok bete dute jada kondenaren laurdena.

• Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 preso daude.

• 10 euskal presok 70 urte edo gehiago dituzte eta beste zortzi presok 65 urte baino gehiago.

• 53 preso espetxean daude duela 20 urtetik edo gehiagotik.

Eskubideen urraketa desblokeatzeko, espetxeetan espetxe gehiago eraikitzeari utzi eta presoen askatasuna eskatzeko, datorren ostiralean, hilaren azken ostiralean, EHko hiriburuetan, herrietan eta auzoetan mobilizatuko gara. Bertan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Datozen ekimenak