#Martxoak8 | Izan Bidea emakume presoak etxera
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat eginez eta martxoaren 8rako deituriko mobilizazio egunaren harira, Euskal Emakume Presoen egoeraren berri emateko deitu dugu gaurko mobilizazioa. Izan ere, emakume presoak izateagatik are bakartuago, are urrunduago aurkitzen dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez.
Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio. “Ez-leku” batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugile izatea. “Emakume onak” birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak “ber-hezteko” erabiltzen dituzte. Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan-eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak… kartzelan.
Emakumeek, zigor hirukoitza pairatzen dute preso egoteagatik:
• Zigor soziala: patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako.
• Zigor pertsonala: ”emakume txarra”-ren edota ama direnen kasuan “ama txarra”-ren epaia gehitzen baitzaio ezarritako zigorrari.
• Zigor penala: aurrez adierazi moduan, emakumeentzako prestatuak ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena.
Honetaz gain, Euskal emakume presoak, zigor gehigarria dute; salbuespeneko espetxe politika. Honen ondorioz, eta emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoak urrunago eta bakartuago topatzen dira, honek dakarren guztiarekin.
Euskal Emakume Presoak Euskal Herritik bataz besteko 500km-tara daude eta jasaten duten urruntzeari, esan bezala, bakartze egoera ere gehitu beharra dago. Izan ere, 31 presotik 15 guztiz bakarrik daude haien kartzelan, kiderik gabe. Otsaileko datuak kontuan harturik, 31 emakume horitatik 5 Estatu frantsesean aurkitzen dira, 22 espainolean eta 4 bakarrik daude Euskal Herrian, horietatik 1 etxean preso dagoelarik.
Espetxeetan euskal presoek bizi duten salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasari, isolamenduari, eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatean konponente sexistak gehitzen zaizkio, zigor morala eta estigmatizazioa edota mehatxu eta irainetatik hasi eta emakumeentzako egokituta ez dagoen osasun zerbitzu eta espazioetararte.
Emakumeon ahalduntzerako eta sistema patriarkalaren desegiterako batzen garen mobilizazio egun hauetan beraz, espetxeak ere landu beharreko eremu gisa ulertu behar ditugu.
Espetxe errealitate gordina behin betiko amaitzea jendarte osoari dagokigu, eta horretarako eta etxeratze prozesua garatu ahal izateko, bidea egiten jarraitu behar dugu. Eremu sozialean, politikoan, sindikalean, instituzionalean, eta KALEAN!!
IZAN BIDEA!! EMAKUME PRESOAK ETXERA!!!