Lehenik eta behin, gaur hemen elkartu garen Etxerateko eta Sarekide guztiei eskerrak emateaz gain, hona bertaratu zareten Armonia, Bullicio, Alegria, San Fermin, Jarana, Irrintzi, Aldapa, Muthiko, La Unica, Arrotxapea, Sanduzelai eta Donibane peñen ordezkariei zein gainontzeko eragile eta norbanakoei ere eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Bertan ditugu 2026ko San Ferminak. Gure Iruñea berriz ere munduko hiriburu bihurtzen den garaia. Festa, musika eta dantza egunak, brindisak egiteko eta milaka unetxo edo momentico bizitzeko egunak. Elkartzeko, besarkatzeko egunak, Iruñea mundura irekitzeko eta munduak bere buruari Iruñean begiratzeko egunak.

Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urtetako gatazkaren ondoren oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugula konpontzeko.

San Ferminetako momentu bat irudikatu dugu askotan; denok dakigu entzierroan ez duela balio atzeraka laster egiteak. Aurrera joatea da alternatiba bakarra eta plaza, azken helmuga denontzat. Helmuga, elkartzeko gunea.

Gure azken helmuga bada preso eta erbesteraturik gabeko San Ferminak ospatzea, baina presoen etxeratzea modu artifizialean mantsotzeko oraindik salbuespenez baliatzen den espetxe politikak entzierroa korritzen ez dakitenek bezala egiten du. Oztopatu helmugarako bidea eta oztopatu beraz, etxerako bidea.

Geltokiz geltoki ari gara igarotzen bidea, bide luzea, baina guk argi dugu. Preso eta erbesteraturik gabeko San Ferminak dira gure HELMUGA. Helmuga horretara iritsi beharra dugu eta horretarako, azken bultzada behar dugu.

Horregatik aterako ditugu berriz kalera gure aldarriak, horregatik gonbidapena luzatu nahi dugu horretara. Erakutsi diezaiogun munduari eta zabal dezagun Iruñeatik mundura, herri honek konponbidearen, benetako bakearen eta elkarbizitzaren alde duen nahia eta beharra. Hori errealitate bihurtzeko preso eta erbesteratuak gure artean behar ditugu San Ferminetan.

Zentzu honetan, bi deialdiren berri eman nahi dizuegu:

• Batetik San Ferminen aurretik eginen dugun dugun mobilizazioa: HELMUGA DENAK ETXERA KALEJIRA. Uztailaren 3an, ostirala, 20:00tan Gaztelu Plazatik abiatuko dena.

• Bestetik, uztailaren 8an, ospatuko dugun Etxera Eguna. Bazkari herritarra Joxe Avila, Arrosadiako Civivox-en, Trikidantz Taldearekin bazkal ostea eta gaueko kontzertuak Herrikoko Txokoan.

Helmuga denak etxera!