URTARRILAK 13 · BILBO AMAIERAKO HITZARTZEA

URTARRILAK 13 · BILBO AMAIERAKO HITZARTZEA

Gaur berriz ere erreibindikazio demokratikoz bete ditugu BIlboko kaleak. Hemen, manifestazio handi honetan, euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe arauei bukaera emateko ilusioa eta esperantza sentitzen dira. Bene-benetan eskerrik asko.

Eskerrik asko Euskal Herriko zein Euskal Herriko mugetatik kanpoko alderdi politikoei, sindikatuei eta elkarteei, eta, batez ere, euskal herritarrei, zuen presentziarekin ozen eta argi esaten ari zaretelako presoen eskubideak aitortzen ez badira bidegabekeriak iraungo duela eta arazo batek konpondu gabe jarraituko duela.

Ahalegin kolektibo honi esker bidea irekitzen ari gara euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera itzul daitezen. Eta hori lortzeko modu bakarra da denok eskutik helduta joatea, edonor dela ere ondoan duguna, presoen eskubideak defendatuz. Horixe da elkarbizitzan oinarritutako gizarte baterantz aurrera egiteko modu bakarra. Indarkerien zikloa itxi nahi dugu eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan, giza eskubideen eta bakearen kultura ezar dezagun. Indarkerien zikloa ez errepikatzeko benetako bermea litzateke hori. Garaile eta garaituen mendekuzko agertoki bat marrazten tematzen diren horiei esan behar diegu agertoki hori asmakeria dela eta, gainera, ez duela zerikusirik euskal gizartearen gehiengoak duen bake nahiarekin.

SARE HERRITARRAK erakunde politiko, sindikal eta sozialekin batera urteetan egindako lanketaren emaitza izan zen urruntze politikaren amaiera eta presoak Euskal Herriko kartzeletan daude orain. Etapa hori bete dugu. Hurrengoa etapa salbuespen espetxe politikarekin erabat amaitzea dagokigu euskal presoak etxera bidea egin dezaten ateak zabaltzea. Hori da gaurko manifestazioaren goiburuaren arrazoia: “Konponbiderako Giltzak”. Har ditzagun gure eskuetan konponbidearen giltzak. Sufrimenduari ateak itxiko dizkioten giltzak. Elkarbizitzarako ateak irekiko dituzten giltzak.

Ez gara utopiaz ari, benetako aukerez baizik. Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu eta erraztu behar dute euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea. Euskal gizarteak definitu behar du hauen etxera bidea. Eta horrek erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu. Horregatik, espetxe politikan eta politika judizialean salbuespeneko arauak desagertzea exijitzen dugu. Ez dira pribilegioak. Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik.

Eta Fiskaltzan eta Entzutegi Nazionalean irizpide politikoekin jokatzen eta justiziazkoak baztertzen jarraitzen dutenei esan behar diegu aurrean izango gaituztela eta segituko dugula behin eta berriz salatzen haien jokabidea, arbitrarioa eta sesgatua delako. Ez dezatela eskatu errespeturik beren erabakietarako, erabaki horiek haien ideologia politikoaz kutsaturik baitaude. Errespetua lortu egin behar da, ez inposatu.

Zaballan, Iruñean, Martutenen eta Basaurin eta Frantziar espetxeetan dauden euskal presoei berriz esaten diegu jarraituko dugula lanean etxera itzul daitezen. Euskal gizartearen esfortzuarekin, giza eskubideen defentsa helburu partekatutzat duen gizarte plural honen ahaleginarekin, haien ziegetako ateak irekiko ditugula, hainbat urte askatasunik gabe eman ondoren haiek ere, guztiokin batera, parte har dezaten gure herrian elkarbizitza berreraikitzeko lanetan. Venezuelan, Cabo Verden eta Kuban deportaturik daudenei ere esaten diegu lortuko dugula gainditzea etxera itzultzea oraindik eragozten dizkieten oztopoak. Eta munduan sakabanaturik dauden iheslariei gure elkartasuna helarazi nahi diegu, eta haien itzulera lortzeko ahaleginetan jarraitzen dugula esan.

Ekitaldi honetan ez ditugu ahantzi nahi gure herrian nahiz hemendik kanpo sortutako indarkeria guztien biktima guztiak. Horregatik, salatzen ditugu biktimen minaren erabilera politikoa etengabe egiten dutenak.

Biktimei errespetua, sostengua, aitortza, erreparazioa eta haien sufrimenduan elkartasuna zor dizkiegu. Esan nahi diegu haiek ere ezinbestekoak direla elkarbizitza berreraikitzeko prozesuan bake sendoa lortzeko. Gure gizartea plurala da eta giza eskubideen defentsa du helburu, baina oso garrantzitsua da defentsa hori modu kolektiboan egitea. Azken urteetan lorpen handiak izan ditugu gure herrian, gai izan garelako euskal gehiengo politiko, sindikal eta sozialean kontsentsua eraikitzeko, bai instituzioetan baita kalean ere.

Atzeraezinezko bide batean jarri gaituzten etapak gainditu ditugu, bakea eta konponbidearen alde arriskatzen gai izan garelako, asmatzaileak izan girelako, Herritik herrira pentsatzen jakin dugulako.. Gaur, gure agurrik eta babesik beroenak helarazi nahi dizkiegu, datorren apirilaren 2 eta 3 an Pariseko auzitegian epaituak izanen diren Txetx Etcheverry eta Bea Molle bakegileei. Gure txalorik beroenak, zuei eta bidean desagertu diren Mizel Bergouignan, Michel Berrokoirigoin eta Michel Tubianari. Auzi hori ez dugu onartzen!! Zuen errugabetzea exigitzen dugu!

Gure eskaera da segi dezazuela bultzaka bide horretan, elkarbizitzara, bakera eta preso, iheslari eta deportatu guztien itzulerara eramango gaituelako. Denon artean egitea beste aukerarik ez dago.

LORTUKO DUGU!!. KONPONBIDERAKO GILTZAK eskuartean jarrai dezagun bidea egiten.