
SAREk bere X. Batzar orokorra egin du Hernanin

SARE Herritarraren X. BATZAR hau da, ziurrenik, iraganaren eta etorkizun hurbilaren arteko azken inflexio-puntuetako bat. Horrexegatik, baliatu nahi dugu gogoeta sakona egiteko 2014ko ekainaren 14tik hona egin dugun bideaz, bai eta hemendik aurrera egin beharrekoaz ere.
X. BATZARRERA iritsi gara etxeko lanen zati handi bat eginda, baina pentsatu beharko dugu nola heldu espetxeen auziko azken fasea izan behar duenari, eta, horrekin batera, gure herrian jasandako indarkerien biktima guztientzako tratamendu duina eta begirunezkoa ekarriko duen akordio bat lortzeko beharra dago.
Ez genuen inola ere pentsatuko sortu ginenetik hamar urte iragan ondoren jarraitu beharko genuela euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurrien bukaera eskatzen eta euskal presoei eta haien familiei hainbesteko min eragin dieten eskubide urraketak salatzen.
Hala ere, onartu beharra dago azken hiru urteetan gertatu den bultzadak aurrerapen nabarmena ekarri duela preso horien egoeran.
Bukatzen joan da hori dena, ahaleginei esker eta konplizitateak sortuz. Bidean, SAREA egitea lortu dugu, hitz larriekin, eta lortu dugu, halaber, euskal presoen eskubideen aldeko borroka mota askotako jendearekin partekatzea, borroka hori giza eskubideen aldeko borroka osoaren parte baita.
Nolanahi ere, gaur den egunean adierazi behar dugu oraingo egoera bukatzea eta egiazko elkarbizitzara bidean aurrerapausoak egiten hastea Espetxeen arloko Euskal Administrazioaren esku dagoela, urrutiko beste inon baino gehiago.
Horregatik eskatzen diegu norabide horretan urratsak egiteko. Haien esku dago hirugarren graduaren, espetxe baimenen edo irteera programatuen aplikazioan aurrera egitea. Eskatzen diegu desberdintasunak alde batera utz ditzatela, preso sozial deitutakoekin eta aspaldian desagertu zen erakunde bateko kide diren beste preso hauekin duten jarreran.
Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo zabalarekin onartu zuen Euskal Espetxe Eredua da horretarako erabili behar duten bitartekoa, euskal gehiengo sozial eta politikoaren babesa duelako.
Espetxe eredu hori, neurri handi batean, zigorrak araubide irekian betetzean oinarritzen da. Euskal presoek araubide hori aplikatzeko behar diren baldintzak betetzen dituzte.
Hortaz, bete bedi espetxe arloko araudia. Ez luzatu gehiago egoera hau. Izan ere, pertsonen askatasuna dago jokoan.
Horiexek izango dira gure helburuak aurten, eta bereziki azpimarratuko ditugu euskal presoak etxera itzultzea oraindik oztopatzen duten salbuespen neurriak.
Ildo horretan, “Puzzlea osatu arte” izeneko ekimena aurkeztu nahi dugu: maiatzaren 17an eta 18an eginen da, oraindik salbuespen egoeran dauden presoak dituzten herrietan. Hurrengo asteetan horri buruzko xehetasun gehiago emango ditugu.