Langileok ere KONPONBIDERAKO GILTZA!

Langileok ere KONPONBIDERAKO GILTZA!

Gaur Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon kalera atera gara sindikatuetako ordezkariok helburu argi batekin; “Konponbiderako Giltzak-Llaves para la resolución” dinamikari publikoki babesa eman nahi diogu. Izan ere, azken astetan, lantegietara helarazi da babes hori, berriro ere, bizikidetzan eta konponbidean aurrera egiteko ekarpena egitea dagokigula uste baitugu. Eta horretarako, presoen etxerako atea zabalduko duen/duten giltza/k eskuartean hartu behar ditugu.

Badakigu bizikidetzari eta espetxe-salbuespenaren indargabetzeari dagokienez herri honetan egin diren aurrerapenak gizartea aktibatzearen eta alderdi, sindikatu eta erakundeen arteko akordioaren eta batasunaren ondorio izan direla. Oraindik bidea dago egiteko, eta bada garaia gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko giltza izateko.

Gure aldetik, konpromisoa adierazi nahi dugu lantokietan mezu hau zabaltzen jarraitzeko, gero eta gehiago izan gaitezen salbuespenezko espetxe-neurriekin amaituko duen behin betiko konponbidea ahalbidetzeko eta bizikidetzaren eraikuntzan aurrera egiteko. Halaber, urtarrilaren 13an Sarek Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Izan gaitezen milaka giltza konponbidearen eta bizikidetzaren ateak parez pare irekitzeko bidean.