#IzanBidea #MikelEtxera! Konponbide garaia da! Lelopean datorren larunbatean manifestazioa antolatu du Sarek Mikel Barrios auzokidearen espetxeratzea salatzeko.

#IzanBidea #MikelEtxera! Konponbide garaia da! Lelopean datorren larunbatean manifestazioa antolatu du Sarek Mikel Barrios auzokidearen espetxeratzea salatzeko.

Berriz ere kartzela, berriz ere herritar bat espetxera eta berriz ere sufrimendua gure auzora. Bost urteko espetxe zigorra, eta hau betetzean Estatu Frantziarrean 10 urtez bizitzeko debekua ezarri dio Frantziako Auzitegiak Mikel Barrios Santamariari. Mikelek egun bere bizimodua egonkortua zuen Ipar Euskal Herrian. 12 urte daramatza Arrosadiatik urrun. 2009an atxilotu zuten lehenik eta Espainiak eskatutako euro-agindua Frantziako estatuak onartu ez zuen arren, poliziaren jazarpena zela eta ezkutatzea erabaki zuen. 2017. urteko urriaren 27an atxilotua izan zen Berlinen (Alemania). Bi hilabete Alemanian preso egon eta gero, Frantziak eskatutako euro-agindua Alemaniak onartu eta 2017ko abenduaren 15etik 2018ko urriaren 26 arte Osnyko (Paris) espetxean preso izan zuten. Neurri judizialekin baldintzapeko askatasunean egon da hilabete batzuk. Pasa den ekainaren 23an Parisen epaitua izan zen eta astelehenean, ekainak 29, Mont de Marsanen espetxeratua kondena betetzeko.

Mikel, beste askorekin batera, bake prozesuari bere ekarpena egiten ari zela atxilotu zuten, berak epaileari argi eta garbi adierazi zion moduan.

Baina Estatu Frantziarreko epaitegietan, Estatu Espainiarrekoetan bezala, gorroto eta mendekuan gotortuta dauden epaileak daude. Konponbideari oztopoak jarri nahi dizkioten epaileak, sufrimendu garaiak atzean utzi nahi ez dituzten epaileak. Norabide horretan kokatzen dira azken aldian Estatu Frantsesaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta orain, Mikel espetxeratzeko agindua!

Konponbide garaia da! Aski da! Sufrimendu garaiak atzean utzi eta bakean zein askatasunean oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu. Eta zentzu horretan, injustizia guzti hauen aurrean, ez gara geldirik geratuko, bidea egiten jarraituko dugu. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko Nafarroa, Euskal Herria behar dugu, hori izango baita elkarbizitza eta benetako bakeari egin diezaiokegun ekarpenik onena.

Aldi berean, Estatu Espainiarrari, Frantziarrari, eta nola ez Nafarroako gobernu eta erakundeei bide horretan inplikatzea exijitzen diegu.

Azkenik, herritarrak datorren uztailaren 4an, arratsaldeko 18:00tan, Felisa Munarriz plazatik abiatuta egingo den “Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel Etxera!” manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Besarkada bat Mikeli eta senide zein lagunei!
Izan Bidea eta PRESOAK ETXERA!

Datozen ekimenak