“Ibilian-ibilian etxerako bidean” Lelopean Manifestazioa egin da Donostian
Berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu manifestazio honetan eman duzuen erantzun jendetsu eta irmoagatik. Mila mila esker, bihotzez!!
Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu, aukera politiko, sindikal eta sozial ezberdinetatik, beste pentsamendu bat dutenekiko errespetua oinarri hartuta, gure ondoan egon nahi izan duzuenoi, gurekin batera bizikidetzaren bidean aurrera egiteko beharra aldarrikatzeko.
Funtsezko gai batek batzen gaitu: giza eskubideen defentsak. Pertsona guztien eskubideak, salbuespenik gabe. Giza eskubideak ezin direlako partzelatan bereizi; ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk baztertu.
Has zaitezte prestatzen urtarrilaren 8rako. Egun horretan berriro bete behar ditugu kaleak. Oihu isil edo zaratatsua bota behar dugu, euskal presoen eskubideak urratzeari utzi behar zaiola aldarrikatzeko. Ozen entzun behar gaituzte denbora luzez aplikatu den eta pertsona askori eta askori hainbeste sufrimendu eragin dien salbuespeneko espetxe-politika bertan behera uzteko ahalmena duten instantzietan.
Egia da azken urte honetan aurrerapausoak eman direla beste espetxe-politika baten bidean. Herri honetako emakumeen eta gizonen ahaleginari esker, gure herriko gehiengo politiko eta sindikalaren babesarekin, aurrera egin dugu. Atzean utzi ditugu Levante, Andaluzia edo Galiziako espetxeak, baina oraindik ehun preso inguru daude Espainiako espetxeetan, eta hogei bat, Frantzian. Orain, Gaztelako, Aragoiko, Kantabriako, Asturiaseko, Logroñoko edo Madrileko kartzelak hustu behar ditugu, eta Iparraldeko kideek gauza bera egin behar dute Frantziako kartzelekin.
Ez gara ari pribilegiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu. Legeria arrunta eskatzen ari gara, ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak eragotziko dituen legeria, euskal presoen eskubide diren gradu-progresioa eta espetxeko baimenak ahalbidetuko dituena.
Espetxe-politika arrunta aplikatuta, preso horien heren bat baino gehiago etxean egongo litzateke.
Urriaren 1etik, garai berri batean gaude. Orain dela 23 egun EAEko Administrazioak beste esku du espetxe-politika humanista eta errepresiorik gabekoa garatzeko aukera; konfrontazioz eta sufrimenduz betetako hainbeste urteren ondoren, bizikidetza berreraikitzeko aukera emango digun politika bat garatzeko aukera dute.
Eta hori soilik gauzatu ahal izango da guztiok gai bagara konfrontazioa antzuak baztertzeko eta kartzeletako arazoari konponbide justu bat bilatzeko.
Hori bada, eta hala izatea espero dugu, espetxe-politika berri hori garatuko dutenen aukera, ondoan izango gaituzte, laguntzeko; baina, hala ez bada, hor jarraituko dugu bidezko bakea lortzeko, ausardia, justizia eta humanitatea behar direla gogorarazteko.
Helburu horretan, SARE batzeko baino ez dago. Gure xedea ez da lehian sartzea arlo politikoaren jardunean. Badakigu zein den gure jardun-eremua, eta hor beti izango dute gure laguntza, helburu hori lortzeko.
Argi izanda posible dela aurrera egitea ahaztu gabe eta gorrotorik gabe, gure errespetua adierazi nahi diegu indarkeria-mota guztien biktimei, eta nabarmendu nahi dugu ez dela bidezkoa haien mina aurkariaren kontrako jaurtigai politiko gisa erabiltzea.
Eta errespetu hori adierazi nahi diegu bateragarria delako gure herrian jasandako edozein indarkeriaren biktimekiko errespetua askatasuna kendu zaien pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzearekin.
Hori da SARE sare herritarrak beti defendatu duen jarrera, eta hala egiten jarraituko dugu. Eta garrantzitsua da guztion artean egitea, azken bizpahiru urteetan gure herrian egin izan denaren baliorik garrantzitsuena gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren adostasuna gauzatzea izan baita, seguruenik; erakundeetan eta kaleetan islatuta dagoen adostasuna, hain zuzen.
Eutsi diezaiogun adostasun horri, aukera emango baitigu Madrilgo eta Parisko gobernuen aurrean euskal gehiengo politikoaren % 80k eta euskal sindikatu guztien adostasunak emandako babesarekin aurkezteko. Argi izan behar dugu datu hori, hor baitago gure indarra.
Eta datu horri gehitzen badiogu kalean, bakez eta demokratikoki, milaka eta milaka herritar elkartu direla helburu hori defendatzeko, ibilia dugu bidearen zati handi bat.
Berriro ere, eskerrik asko hemen egoteagatik. Beti hor egoteagatik. Ez ahaztu utopiaz gure ametsak egitea.
Eta hasierakoarekin amaituko dugu: urtarrilaren 8an hitzordu garrantzitsua dugu. Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde.