Urriaren 20aren testuinguruan bere irakurketa partekatu eta larunbatean deitutako manifestazioaren azken deia luzatu nahi du SAREk

Urriaren 20aren testuinguruan bere irakurketa partekatu eta larunbatean deitutako manifestazioaren azken deia luzatu nahi du SAREk

Bihar hamar urte beteko dira ETAk bere jarduera bertan behera uzteko erabakia hartu zuenetik. Hamar urte, herri honen errealitatea aldatu zenetik, aukera paregabea zabalduz aurrera egiteko, bai bizikidetzan eta bakean, baita aurreko hamarkadetan metatutako sufrimenduarekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan. Aukera hori ordea, neurri batean probestu dugula esan behar dugu, oraindik ere eskubideen urraketak baitaude, bai espetxe-politikan, bai biktima guztien aitortzan. Ondorio guztiei heldu behar diegu eta urraketa guztiei irtenbidea eman, benetan bizikidetzarako bidean aurrera egin nahi badugu.

Gaur, eskerrak eman nahi dizkiegu hamar urte hauetan, modu arduratsuan eta ahalegin handia eginez, aurrerapauso bat eman duten eta aurrera egiteko aukera hau aprobetxatu duten pertsona guztiei;
– Bere lan-esparrutik, ordezkaritza-erantzukizunetik edo militantzia-esparrutik.
– Kalean, gizarte-aktibaziotik
– Edo biktima askoren kasuan bezala, enpatia-ariketa sendoak eginez.

Esan bezala, aukera hau erdizka probestu dugu. Uste baitugu inork ez zuela espero, hamar urte hauek igaro ondoren, jada desagertuta dagoen erakunde horretako kide izan ziren euskal presoak oraindik ere bizi duten eskubideen urraketaren aurrean konponbide justurik gabe egotea, urraketa horrek Europako demokrazien parean kokatu nahi duen estatu demokratiko batean lekurik ez badu ere.

Egia da aurrerapen batzuk egon direla, eta Sarek behin baino gehiagotan onartu du. Espetxe politikaren aldaketaren hasieraz hitz egin dezakegu, aldaketa erreal baterako bidea zabaldu duena. Aldaketa honek ordea guztiok batera ibilian jarraituz gero baino ez du aurrera egingo.

Baina ETAren ekinbidearen amaiera, salbuespen legediaren amaierak ere ekarri behar zuen. Duela 10 urte esan izan baligute gaur egun presoen %56 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan egongo zirela, haien etxeetatik batez beste 250 eta 600 km arteko distantziara, ez genukeen sinetsiko.

Galdera hau dugu buruan: zergatik egin behar dituzte preso horien senideek halako bidaia luzeak presoak hona ekartzeko aukera baldin badago?

Horrek esan nahi du, ETAk bere erabakia hartu zuenetik denbora asko pasatu bada ere, urruntzeari eutsi egin zaiola, 104 preso baitaude oraindik Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.

Jakinarazi nahi dizuegu 104 preso horietako gehienek, hiruzpalau kenduta, Euskal Herriko espetxeetara aldatzeko eskatu dutela, edo eskaera hori izapidetzen ari direla. Espetxeetako araudiaren arabera, eskabide horiek Espainiako Gobernuak onartu eta ondoren Eusko Jaurlaritzak onartu behar du. Konfiantza dugu Eusko Jaurlaritzak ez dituela ukatuko. Edonola ere, adi egongo gara mugimendu horiei dagokienean.

Zoritxarrez, presoengan eta haien familiengan eragin negatiboa duten beste arlo batzuetan ere aplikatzen da salbuespeneko espetxe-politika.

• 10 preso baino ez daude espetxeko hirugarren graduan, eta hiru heren baino gehiago –70 preso inguru– egon beharko lirateke egoera horretan. Eta 52ri, baldintzapeko askatasuna eman beharko litzaieke. Horrek esan nahi du, Estatuko espetxeetan gainerako presoen % 93 lehen gradutik hirugarrenera normaltasun osoz pasatzen bada ere, euskal presoak salbuespena direla oraindik ere, eta soilik % 6k egin duela bide hori osorik.
• Horrez gainera, % 90ek espetxeko baimenak hartzeko eskubidea du, horretarako ezarritako kondenaren zatia betea baitute. Baina ez zaie baimenik ematen.
• Gainera, Audientzia Nazionalak ezartzen duen blokeoa jasaten ari gara, tratamendu-batzordeen erabakiak errekurrituz eta edozein aurrera pauso blokeatuz.
• Guzti honen aurrean, justizia eta bihozberatasuna eskatzen dugu, kasu honetan eta gainerakoetan.

Horregatik guztiagatik, gaur, urteurren honen bezperan, mezu argi bat zabaldu nahi dugu; espetxe-politikaren aldaketa hori sendotzeko premiaren aurrean gaude. Ezin dugu egoera hau gehiago luzatu. Izan ere, igarotzen den egun bakoitzean, 24 orduz gehiago urratzen dira eskubideak.

Eta, horretarako, ezinbestekoa da gizarte gisa kalera ateratzen jarraitzea aldarrikapen hauen baitan, eta alor sindikaleko, politikoko eta alor sozialeko kidegoa ere modu aktiboan inplikatzea.

Azken finean, nahikoa arrazoi dago esateko ezin dela jarraitu presoen eskubideak urratzen. Gure herrian bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz betetako kapitulu hau ixtea. Eta egin daiteke, horretarako borondaterik badago.

Guztioi dagokigu, eskubideez ari garelako. Giza eskubideez. Bizikidetzaz. Konponbideaz. Bakeaz.

Horregatik, urriaren 23rako ez ditugu soilik gonbidatu herritarrak aldarrikapen horiekin bat egitera. Euskal Herriko ordezkari sindikal, politiko eta sozialei ere helarazi diegu gonbidapen hori. Oraindik ez dugu jaso guztien erantzuna, baina gaur aurreratu ahal dizuegu Kataluniako preso ohien ordezkaritza zabala izango dugula manifestazioan.

Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu espetxe-politikaren aldaketaren alde eta preso guztien giza eskubideen alde emandako babesagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.

Halaber, jakinarazten dizuegu Gatibu taldeko kideak gurekin izango direla amaierako ekitaldian, zenbait abesti partekatuz.

Mila esker guztioi. Larunbatean elkartuko gara, 17:00etan, Antiguako tunelean.