Izadik gurasoekin egon behar duela aldarrikatzeko kalejira eta ikuskizuna azaroaren 13an Burlatan
Izadik gurasoekin egon behar du, eta hain bortitza izan daitekeen bereizketa hori ekidin behar dugu. Hilabeteak daramagu hori zabaltzen lau haizetara. Dinamika honekin hasi ginenetik harreman dinamika zabala burutu dugu eta sindikatuak, alderdi politikoak, eragile eta norbanako ezberdinak… garbi adierazi diguten moduan, izadi gurasoengandik ez banatzeko kontsentsua garbia da. Legeak baditu neurri ezberdinak banaketa ekidin eta izadi eta gurasoen familia harremana ez erabat apurtzeko, hori da eskatzen duguna. Beharrezko neurriak hartzea izadik gurasoekin egoteko duen eskubidea bermatzeko.
Izadiren 3. urtebetetzea gainean dugu, atzera kontaketa bere azkenekoetan dago hiru hilabete baino gutxiago besterik ez direlako falta banaketa iristeko. Garrantzitsua da babesaz gain, gure aldarria irudikatzea eta hori da datorren hilabetean burutuko dugun kalejira eta ikuskizunaren helburua. Asko eta asko garela “Izadi gurasoekin etxera” leloa gure egiten dugunak. Eta hau ozen eta alai esan nahi dugu azaroaren 13an adin guztiei zuzendutako ikuskizun eta kalejiraren bidez. Musika, txarangak, pailazoak… denetarik izango dugu gure aldarrikapena doinuz, kolorez eta alaitasunez betetzeko. Kalejira 16:30etan abiatuko da Burlatako Udal plazatik txaranga, joaldun eta musikaz alaituta eta gerora 18:00etan Burlatako Kultur Etxean, beste askoren artean, Zirika Zirkuseko Pantxika Lamur, Porrotx eta Txapas eta Ene Kantakeko lagunak izanen ditugu gurekin.
Sarrerak Bibe bidez lortzen ahalko dira 4€ren truke. Azaroaren 13an Burlata kolorez eta musikaz beteko dugu, denon artean ozen esateko Izadi txikia etxera bere gurasoekin batera etortzea nahi dugula! Azaroaren 13an 16:30etan Burlatan ikusiko dugu elkar!
Sarrerak Biben salgai: https://labur.eus/Izadigurasoekin